Judith Arsuaga: «Santa Marina eguna asko sentitzen dute auzotarrek»
Aztiria Bat elkarteak antolatzen ditu urtero Aztiria auzoko jaiak. Aurten ez dute ohiko jairik egingo, baina larunbateko Santa Marina eguna ospatuko dutela azaldu du Judith Arsuagak. Mezaz gain, bazkaria eta afaria egingo dituzte, bi taldetan banatua.
Aztiriako Santa Marina festak ere bertan behera gelditu dira beste hainbat jai bezalaxe.
Bai, jaiak bertan behera geratu dira, baina Santa Marina eguna larunbatean denez ospatuko dugu. Beti egin izan da egun horretan meza eta auzokoentzako luntxa elkartean: salda, txorixoa, haragia… Aurten egoera den bezalakoa izanda elkartea irekita dago baina murrizketekin. Meza ondoren bazkaria egingo dugu eta gauean afaritxoa. Bi taldetan banatuta egingo dugu edukiera errespetatzeko. Beti ere norbait omentzen dugu urtero meza ondoren, hasieran adin gehien zeukana, orain adinekoen zerrenda egiten dugu eta urtero bat omentzen dugu. Aurten, ordea, ez egitea erabaki genuen.
Asteazkena izango balitz ez dakigu nola planteatuko genuken, baina larunbata izango da eta horrela egingo dugu.
Zein da sentsazioa festak bertan behera geratuta?
Pena badago, baina kontziente gara ezin dela egin. Leku eta eremu guztietan gertatu da gauza bera, Legazpin ere herriko jaiak tokatu ziren eta beste hainbat lekutan ere bai. Hurrengo urtean izan beharko du.
Aztiria Bat elkarteak antolatzen al ditu beti jaiak?
Nik ezagutzen dudanetik behintzat bai. Bai elkarteak eta baita festak antolatzeko sortutako taldeak. Elkarteko kide ez direnak ere aritzen dira lanean. Beti egon da elkarlaguntza. Ekintza batzuk antolatzeko jende gehiago behar izaten da. Txirrindularitza lasterketa egiten zenean, adibidez, hori prestatzeko laguntza gehiago behar zen.
Zeinek hartu du aurtengo jaiak bertan behera uzteko erabakia? Erabaki zaila izan al da?
Erabakia juntak. Azken finean egoera nondik nora doan ikusita, eta beste herri batzuetako erabakiak ere ikusita, iruditzen zaigu ez dela momentua eta ez dela egokia. Azkenean, zer arrisku hartu behar duzu jendea biltzeko deialdi horretan? Adineko auzotar asko igandero joaten dira mezetara eta elkartzen dira. Zer edo zer egiteko zalantza izan genuen, eta proposamena luzatu genuen. Ez genekien inork izena emango zuenik, baina harrera ona izan du, jendea bazkaldu edo afaltzera animatu da.
Erabakia ardura hori gain hartuta hartu dugu. Ez dakigu nora goazen, eta azkenean egingo duguna ere egiterik izango genukeen ez genekien. Astebukaera honetan izango da, baina nik banuen nire kezka ez zigutela utziko inguruko agerraldiarengatik, esaterako.
Aspaldi jakin zenuten ohiko jairik ez zela egongo?
Aspaldi hartu genuen erabakia, gauzak antolatzeko denbora behar baita nahiz eta auzo txikia izan. Gainera, laguntzak jasotzen ditugu guztia antolatzeko. Legazpiko Udalak, Gabiriako Udalak eta merkatari munduak ematen dizkigute laguntza horiek. Bazkideok esaten duguna: joango gara zeni eskatzera zer? Orain nahiko lan badaukate, beste arazo batzuk dituzte. Guri ez zaigu burutik pasatzen diru eske inora joatea. Badakigu harremantzean arriskua hor dagoela, baina azkenean auzokoentzat izango da, txikiagoa.
Meza eta bazkari eta afaria egiteko zalantzak izan dituzue?
Bai, horregatik luzatu genuen proposamena. Konpromisoa bakoitzak hartzen du, baina jendea bultzatzea eta aukera hori izatea polita iruditzen zitzaigun, Santa Marina eguna justu larunbata delako eta auzoan, adineko jendeak batez ere, asko sentitzen du egun hori. Ezer ez egiteak pena ematen zigun.
Ez dut esango urte osoa itxaroten dutela egunerako, baina garrantzitsua da, eta justu talde zaurgarriena da… Proposamena luzatuta ikusiko bagenu ezezkoa borobila zela ez genuke egingo. Azkenean tabernariarekin hitz egitea besterik ez zen eta prestutasun handia agertu zuen. Taldetxo polita sortu da.
Auzotik auzora mugitzen al dira gabiriarrak festetan?
Bai, Gabiriatik etortzen dira Aztiriko jaietara. Ohitura badago betidanik. Garai batean askoz gehiago dudarik gabe, baina oraindik ere badago. Azkenean ekintzak ere aldatu dita urteek aurrera egin ahala. Erromeriak egiten zirenean Gabiriakoak Aztirira etortzen ziren eta Aztiriakoak Gabiriara… Legazpitik ere garai batean jendez betetako autobusak etortzen ziren.
Zein izaten da giroa festetan eta nola uste duzu izango dela aurtengoa?
Auzo txikiko giroa izaten da, euskal kutsukoa. Kanpotik ere etortzen diren arren auzoko giroa da nagusi. Garai batean sona handia izan zuenez oraindik badauka erakarmenik. Aurten oso xumea izango da, bazkari eta afaria egingo dira baina denak oso kontziente egoerarekin, pozik baina egoeraz jabetuta.
Azkenean erdi ahaztuta genuen krisia eta gertu ikusita nolabaiteko beldurra eragiten dizu. Santa Marina eguna ospatuko dugu, baina lasai hartuta.