Sotero Plazaola Legazpiko alkate ohia gogoratuko dute
Legazpiko EH Bilduk ekitaldi bat antolatu du gaurko, 2007tik 2011ra arte EAE-ANV alderdiarekin Legazpiko alkate izandako Sotero Plazaola gogoratzeko. Izan ere, gaur bost urte beteko dira Plazaola hil zela. EH Bilduk haren ibilbide politikoa gogora ekarriko du, «orduan ereindako haziak, hazten ari den proiektu politiko bat ekarri duelako».
Plazaola gogoratzeko ekitaldia 19:00etan egingo da, Lekanazpi elkartean. Haren ibilbide politikoa gertutik ezagutu zutenek hartuko dute hitza, tartean Marian Beitialarraingoitak (EH Bilduko arduradun instituzionala), Mikel Alzelai eta Jon Erramun Uribeetxeberriak (2007-2011 agintaldian EAE-ANVko zinegotziak) eta Edurne Gonzalezek (Legazpiko EH Bilduko zinegotzia). Solasaldi formatua izango duen ekitaldia, Nekane Gonzalezek gidatuko du.
Plazaolaren agintaldian egindako proiektuen artean, EH Bilduk honako hauek nabarmendu ditu: mugikortasun iraunkorreko plana, Agirre-Etxeberriko lagapen hitzarmena, Segurarekiko banantzearen 400. urteurrenaren ospakizunak, Herrigintza S.A. sustatze enpresa, haurtzaindegi zerbitzuak indartzea, Osakidetzako larrialdi zerbitzuaren itxieraren aurkako jarduna, herritarren parte hartzea Kudeatuz proiektuarekin, Azpikoetxea paper errota Legazpiko lehen monumentu kulturala izendatzea, memoria historikoa berreskuratzea eta harrera eta agur zibilak egiteko ordenantza.
EH Bildukoek Plazaolaren ekarpena handia izan zela diote. «Gauzak egiteko modu bat sortu zuen, udaletxeko lanetan herritarren parte hartzea areagotuz, herritarren iritzia kontuan hartuz, eta herritarrekin batera proiektuak eraikiz».