Goibel antzean baina hor fin asko
Eguraldi freskoa eta jende gutxiago animatu bada ere, Ordiziako azoka egin da. Produktu berri eta postu gehienak han izan dira, lau guneetan banatuta eta segurtasun neurri zorrotzekin.
Zer esan ugari eman du herriak azken egun hauetan. Joan zen astean azoka azken momentuan bertan behera uztea erabaki bazen ere, garbi adierazi zuten antolaketa arduradunek feriarekiko nahia: «Ahalegin guztiak egingo ditugu datorren astean egin dadin». Esan eta izan. Segurtasun neurri are eta zorrotzagoekin 08:00tarako azoka martxan zen. Gune orotan sarrera kontrola, eskuak garbitu beharra, maskara derrigortua, aforoa kontrolatua eta zintak lurrean distantziak zainduz.
Jantzi saltzailerik ez. Gainerakoak lau gunetan banatu dira. Hemengo baserritarrak Plaza Nagusian, perretxiko, lore eta bakailao saltzaileak Beti Alai frontoi txikian, Barrena aurrean gozo eta azeituna saltzaileak eta fruta saltzaileak zuhaiztian.
Gertaerak gertaera, naturak bere bidea darama eta produktuen emariak sasoiko jarraitzen du. Eguraldiak beroxeago beharko lukeela hainbat produktu behar bezala ondu daitezen esaten zuten. «Gaur goizean 6etan barazkiak biltzera joan naizenean hotz egiten zuen, eta hezetasun handia, gauden garaian gaudela ez zuen ematen», zioen Iñaki Intxausti zeraindarrak. Juanita Murgiondo mutiloarrak ere kontu bera zioen: «Lekak eta tomateak negutegi barrenean ere ez dira aurreratzen beharko luketen bezala». Halere, ugaritu da leka eta borobila ere hasi da 6 euroan kiloa, Itsasondoko Iraola baserrikoak lehenak, Diana Matarranzek Aldaba Zaharreko produktuekin batera ekarriak. Berri gehiago Aramako Arantxa Zurutuzaren postuan: arbi zuria 1 euro bakoitza, xaiota 2,5 euroan kiloa eta Cardinale sagarra, sagar gazia 3,5 euroan kiloa.
Mikologia aberats
Aukera zabala mikologiaren atalean: onddo, zizahori, saltsa perretxiko beltza, gibelurdina, marasmio jangarria eta gorringoa. Denetik izan zen atzo frontoi txikiak kokatuak ziren bi postuetan.
Lore postuetan udako azken hondarrak zituztela esaten ziguten Azanza anaiek. Landareetan, berriz, udazkena prestatzen, azakien berri eman zigun eta borraja, kardoa, kale aza, orburu sustraiak edota ziazerbak ere prest dituzte. Inork udazkenean biltzeko lekarik nahiko balu «Santio aurreko astean aldatu behar da, oraintxe», zioen Patxi Izagirre Montesenekoak. Adi zaindu behar da egutegia baratze kontuetan garaiz kanpo ez ibiltzeko.