«Hogeita laugarrena erronkaren amaierarako utziko dugu»
23 Zegama-Aizkorri egingo ditu korrika, bizikletan 1.000 km. eta asfaltoan beste 1.000 km. korrika. Azkeneko mendi maratoia bukaeran egingo du ospatzeko. Sei daramatza jada.
Zer dela eta erabaki zenuten proiektua martxan jartzea?
Karmele ezagutu nuen eta bere alabaren egoeraren berri banuen. Erronka bat egitea pentsatu nuen, eta hauxe izan zen bururatu zitzaidan lehenengo gauza. Azkenean lehenengo zati honetan helburua ez da 1.000 kilometro egitea, baizik eta 24 Zegama-Aizkorri maratoi egitea.
Seigarrena egin duzu dagoeneko. Zer moduz zaude?
Oraingoz oso ongi daramat. Badakit egun txarrak izango ditudala, fisikoki eta mentalki. Hasierak okerrenak dira. Hasiera ona izaten dudanean badakit ongi joango dela. Orain arte behintzat oso sentsazio onarekin bukatu ditut seiak.
Lagunak izan dituzu zurekin ibilbidean azken egunotan.
Plana hori da: nirekin ibilbidearen zatitxo bat egin nahi dutenak gonbidatuta daude. Aurreko batean semea eta haren lagunak etorri ziren Aizkorritik Urbiaraino. Beste batzuek maratoi erdia egin dute. Beti konpainia onean. Gaur, adibidez, Oriotik etorritako lagun batekin egin dut ibilbide guztia. Badago zortzi orduan maratoia bete nahi duenik ere, eta nirekin batera saiatuko dira.
Zuk jarriko duzu erritmoa. Eta egunen batean 42 kilometroak egiterik ez baduzu?
Esan diet denei nik jarriko dudala erritmoa, bai. Maratoi osoa bete behar da, bestela ez du balio. Ez dira 1.000 kilometro, 24 maratoi baino. Egun batean deskantsatu behar badut, deskantsatuko dut. Eguraldiaren araberakoa ere bada. Igandean, adibidez, 09:00etan irten ordez 11:00etan abiatu nintzen ekaitza zegoelako. Itzultzeko presarik ez dugu.
Arnasa hartzeko atsedenik hartzen duzue mendian?
Geldialdiak finkatu ditugu jada. Sakratuak dira: Aizkorrin anoa postua eta Urbian otartekoa eserita eta lasai. Bi orduko tartea uzten dugu Urbiatik Zegamara jaisteko. Helburua bukatzea eta ongi bukatzea da, berdin dio 8 ordutan ez badugu egiten.
Sei maratoi eginda, hemezortzi geratzen zaizkizu lehenengo zatia betetzeko.
Ez dira 24 izango lehenengo zatian, 23+1 baizik. 23 egingo ditugu, eta gero 1.000 kilometro txirrinduan eta azkenik 1.000 km. asfaltoan korrika. Azkeneko maratoia, hogeita laugarrena, erronkaren amaierarako utziko dugu, eta herritar guztiak animatu nahi genituzke parte hartzera. Zati bat bakarrik egin nahi duena ere bai, ez dute zertan ibilbide osoa egin.
Mentalki gogorra izango dela aipatu duzu. Motibaziorik ba al duzu ia egunero ateratzeko?
Nik beti esaten dut Zegama-Aizkorri maratoia bukatzea ikaragarria izango dela, baina nik egunero jasotzen dudan poztasuna ere itzela da. Plazara iritsi eta Nahia balkoian edo plazan ikusteak ez du preziorik.
Ana Azpilikueta madrildarrak egin du proiektuaren irudia. Mendizalea da bera ere.
Bai, eta mendiarekin lotutako gaiak lantzen ditu askotan. Zegama-Aizkorri behin bukatu eta beste hainbatetan parte hartu du. Orain erratz lanetan aritzen da maratoi egunean.
Dirurik ez duzue nahi, gaixotasuna ezagutaraztea da proiektuaren helburua.
Tratamendu bila joan behar bagenu izan zitekeen, baina ikerketa guztiak eginda daude. Madrilen eta Bartzelonan kontsultatu dute. Gaixotasuna ezagutarazi eta informazioa hedatzea da helburua.
Txirrinduan beste 1.000 kilometro egingo dituzu mendi maratoiak bukatzean. Non egingo dituzu?
Herriko jendeak parte hartu nahi du. Txirrinduan ibiltzeko afizio handia dago Zegaman, eta askok esan didate parte hartu nahi dutela. Oraindik ez dugu zehaztu, baina nik uste azkenean herrian egingo dugula. Bertatik atera eta bertara iritsi. Adibidez, Logroñora joan, bazkaldu eta itzuli izan liteke etapa bat.
Eta dena amaitzean, 1.000 kilometro asfaltoan korrika.
Pentsatuta daukagunaren arabera, bi maratoi egingo ditugu egunean, Zegamatik aterata. Lehenengo zatia da zailena, mendi maratoiena. Duela gutxi Donibane Lohizunera joan nintzen korrika, pentsa.
Giltzurruneko gaixotasuna ezagutarazteko
Proiektuaren helburu nagusia Nahia Gomez 15 urteko gazte zegamarrak duen giltzurruneko gaixotasunari buruzko informazioa zabaltzea da. Karmele Ormazabalek, Nahiaren amak, azaldu du «birus batek eragindako gaitza» dela. Glomerulonefritis fokala eta segmentario kortikorresistentea du izena. Gaixotasun arraroa ez den arren, eta jende askok pairatzen duen arren, ez da hain ohikoa haur eta gazteen artean. Batzuek aurre egiten diote. Nahiaren kasua, baina, berezia da, medikazio guztiei erresistentzia egin dielako: «Duela hilabete eta erdi trasplantea egin zioten, baina 12 ordu besterik ez zituen iraun eta kendu egin behar izan zioten». Nahiaren erreakzioa guztiz desberdina izan da: «Medikamentuari aurka egiten dio, eta erreakzio horri buruz ez dago ezer idatzita».
Ormazabalek azaldutakoaren arabera, birusak proteina odolera eramatea galarazten du, eta gorputzak likido guztia gordetzen du. Likido hori atera eta odola garbitu behar diote ondorioz astean hirutan. Gehienez ere litro erdi ur edan dezake jakiak barne. Nahiari indarra emateko balio du proiektuak. Ez dute dirurik behar: «Oso kontentu eta emozionatuta dago». Erronka hasi berria da, eta oraindik bide luzea gelditzen da hiru zatiak eta 3.000 kilometroak betetzeko. Herritarrak parte hartzera animatu dituzte. Ormazabalek ere egingo ditu hainbat kilometro Moranekin batera. Herenegun, adibidez, zati bat egin zuen: «Zegamatik Aitxurira igo eta Andraitzetik jaitsi nintzen Urbiara; hortik haiekin batera jaitsi naiz». Txanton tabernan jaso eta utziko ditu Moranek dortsalak eguneko 42 kilometroak amaitzean. Gaur zazpigarrena egingo du ondo bidean.