Abuztuko oporraldiaren atarian, zalantza ugari goierritarren artean
Azkeneko momentura arte ari da itxaroten jendea, oporrak igarotzeko tokia aukeratzeko. Hotel handiak baino, landa etxeak eta etxe partikularrak nahiago dituzte goierritarrek, toki lasaiak azken batean. Bidaia bertan behera uzteko aseguruen kontratazioak nabarmen egin du gora.
Abuztuaren atarian, oporretan joateko maletak prestatzea eta eguraldi ona edo txarra egingo ote duen jakitea, beharko luke oporretan joateko asmoa dutenen kezka nagusia. Aurten, baina, COVID-19aren agerraldien mapa, kontratatutako egonaldia atzera botatzerik izango den ala ez, eta horrelakoak dira kezka nagusiak. Egonaldietarako destinoen joera ere nabarmen aldatu da, jende pilaketak ekidin asmoz, toki lasaien bila ari baita jendea, eta atzerriko bidaiek, momentuz, itxaron egin beharko dute, nahiz eta baden horrelako planak egitera animatzen denik ere. Gomendio nagusia da, joaten den tokira joaten dela, aldez aurretik ondo informatzea, ezustekorik ez badugu nahi behintzat.
Izaskun Elosegi ormaiztegiarrak, beste hainbat goierritarrek bezala, oporraldietan Goierritik ateratzea du gustuko, «pixka bat deskonektatzeko». Abuztuan, «egonaldi lasaiak» egiten ditu, «hirietara bisitak urteko beste sasoi batzuetarako uzten» ditu. Abuzturako planik onena, «10-15 egunetarako etxe bat alokatu eta bikotearekin eta lagun batzuekin joatea da». Iaz, Portugalera joan ziren: «Terrazadun etxea alokatzea gustatzen zaigu, barbakoa badu ezin hobeto, alokatutako etxeaz disfrutatzea bilatzen dugu, lasai egon, deskantxatu, inguruko azokak bisitatu, tokiko produktuak erosi ondoren barbakoaren inguruan biltzeko, paseotxoak eman, hondartzara joan, horrela igarotzen ditugu oporrak; urtean zehar nola ez dugun patxadaz hartzea egunerokoa, hori eskatzen diegu abuztuko oporrei».
Kontatzen du, aurten oporretan joan ala ez joan, eta nora, «zalantzak» sortu dizkiela, eta onartzen du «oraindik ere zalantzak» izan badituztela. Oporretan pentsatzen hasi, eta lehenik «Cadiz, Huelva, Espainia hegoaldera joatea» zela asmoa, baina «gauzak dauden moduan egonda, gertuagoko toki bat nahiago izan» dute, «edozer gertatzen dela, bidaia luzerik egin behar ez izateko». Hori horrela, «Errioxan zein aukera zegoen begiratu, baina gustuko eskaintzarik ikusi ez, eta Landetan (Frantzia) etxea alokatu» du azkenean. «Iragan astean kontratatu» zuen, «Internet bidez».
Esaten du «kontratazioa egiterakoan, COVID-19agatik ezeztatzeak egiteko baldintzak zeintzuk diren oso garbi ez» daudela. «Asegurua egin eta gaixotzekotan, diruaren %100a bai itzultzen dute, baina konfinamenduan jartzen bagaituzte, ez dago oso garbi». Saiatu da «Interneteko webgunearen bidez informazio guztia biltzen», eta esan diote, «etxearen nagusiarekin negoziatu» behar duela hori. Momentuz, baldintza da, «15 egun lehenago arte ezeztatu daitekeela». Prezioei dagokienez, aurreko urteekin alderatuz «alderik ez» du nabaritu.
Oporretan ere seguru
Ordiziako Florida bidaiak agentziako arduraduna da Juan Jauregi, eta kontatu du «orokorrean, jendeak urrutira bidaiatzeko gogo gehiegirik ez» duela, «estatu mailan kostaldea eta irlak» direla interes gehien piztu dutenak. «Jende pilaketak ekidin nahian, toki lasaien bila» ari dela jendea orokorrean, eta «hotelak baino, landa etxeak, etxe handiak, eta apartamentuak» eskatzen dituztela bezeroek.
Onartzen du, une honetan hegazkina hartzea «mareagarria» dela, «ordutegietan aldaketak egiten dituztelako egun batetik bestera, eta horrek, gainean egotea eskatzen» duela. Nabari du, bezeroen kezka nagusietako bat «bidaien ezeztatzeak» direla. Sekula baino gehiago, «bidaia bertan behera uzteko aseguruen kontratazioak nabarmen gora egin» duela. Jauregik berak, zerbitzu hori kontratatzeko gomendioa eman du, eta egiterakoan «ondo kontsultatzeko baldintzak zeintzuk diren, ondoren sorpresarik ez izateko». Kontua da «beldurragatik azkeneko momentuan oporretan ez joatea erabaki duenik badela, eta aseguru guztiek arrazoi horregatik ez dutela dirua itzultzen». Beste gauza bat da «COVID-19aren probak egin eta positibo ematea». Beraz, «ondo kontsultatu aseguruaren baldintzak».
Horrez gain, «lasaitasun mezua» eman nahi du: «Bidaian joango direnek orain arteko gomendioak jarraitu beharko dituzte, hainbestetan errepikatu dizkiguten segurtasun neurriak bete , maskarak jantzita eraman, higienerako gelak eskura izan, eta hortik aurrera, aukeratutako tokiaz disfrutatzea, familia edo lagunekin».