Ametsa eskubideen gainetik
Israelek Zisjordaniako lurralde palestinarraren %30 inguru atxikitzeko prozesua hasiko zuela iragarri ostean, asko dira kontra agertu direnak, tartean Goierriko BDZ taldea.
Israelen eta Palestinaren arteko gatazkaren puntu kritikoetako bat da Jerusalem. Uztailaren 1ean, Tel Avivek Zisjordaniako lurralde palestinarraren %30 inguru atxikitzeko prozesua hasiko zuela iragarri zuen. Nazioartearen gaitzespena izan du erabakiak —ez, ordea, AEBena—, eta ahots asko altxatu dira esanez anexioak eskualdeko gatazka arriskua areagotuko lukeela. Argudiatu dute anexioa nazioarteko zuzenbidearen urraketa larria dela, palestinarren aurkako apartheid adibide bat izango litzatekeela eta nazioartean adostutako bi estaturen konponbidea higatzen duela.
Axier Alvarez de Eulate ordiziarra Euskal Herriko BDZ (Boikota, Desinbertsioak, Zigorrak) mugimenduaren Goierriko talde eragilean dago: “Dena hasi zen Israel Cycling Academy Ordiziako Klasikoan parte hartzeko gonbidatu zutenean”. Israelgo Turismo Ministerioak babesten du taldea eta Sylvan Adams milioidunak finantzatua da; taldearen misioetako bat “Israelgo enbaxadore izatea” dela adierazi zuen.
Alvarez de Eulate, “kontzientzia internazionalista” duena eta “Palestinako gaiarekin sentsibilizatuta” dagoena, txirrindulari taldearen aurkezpenera gerturatu zen “jende talde batekin, haiek deseroso sentiarazteko asmoarekin”. 2018. urtean izan zen hori.
2019ko abuztuan, Israelgo Finantza Ministerioak, trenbideetako CAF Beasaingo enpresa eta Shapir eraikuntza enpresa buru zituen enpresa partzuergo bat aukeratu zuen, okupatutako lurralde palestinarrean legez kanpoko koloniak lotzen dituen tren-sarea hedatzeko. Albistea jakin eta gutxira, lurralde okupatura bidaiatu zuen ordiziarrak, Askapenako brigadista gisa. Bere buruari jarri zizkion helburuen artean “CAFeko tranbiaren gaiaren bueltan harremanak lortzea” zen. Baina ez zituen espero bezalako fruituak lortu. Adierazi du, dena dela, “oso aberasgarria” izan zela bidaia: “Zenbait lagun eta kontaktu egiteko aukera aprobetxatu nuen, eta, gaur egun, oraindik harremana mantentzen dugu; Jerusalemgoa da horietako bat, eta animatzen gaitu gaiarekin jarraitzera. Hark, lehen eskutik ezagutzen du gatazka konplexu hau”. Nabarmendu du “beldurra modurik gordinenean” ikusi duen tokia dela: “Oso militarizatuta dago. Autobusean gindoazela, aldamenean eseri zitzaidan judu bat, metraileta bat zeramana; ondoan eseri, eta hankartean jarri zuen arma. Arreta ematen zidan niri; hangoei, ez hainbeste”. ‘
‘Jaitsi trenetik’ kanpaina
Tren arin honen ibilbidean Ekialdeko Jerusalem sartzen da. “Jerusalemgo mendebaldea Israelen esku dago 1967ko gerraren ondorenetik, eta ekialdea, palestinarren esku, banaketa gertatu zenetik; eta tranbiak, ekialdean dituzten koloniak Jerusalemekin lotuko ditu”. Alvarez de Eulatek garbi du: “Israeldarrek haien eremua handitzeko nahia dute, eta Jerusalem hiriburu izendatzea da ametsa, horrek inplizituki zenbait eskubide ematen dizkielako”. Tranbiarekin, “Jerusalemgo turistifi kazioa” bilatzen dute, eta, “bide batez, palestinarrak erditik kentzea”
CAF jaits zaitez Israelen apartheidaren trenetik kanpainak bideratutako dinamiken bidez, jende askok proiektua bertan behera uzteko eskatu dio enpresari. Koalizioaren arabera, “ez du nazioarteko legedia errespetatzen, ezta giza eskubideak ere”; izan ere, “palestinarren lurrak desjabetuko dira Jerusalemgo tranbia eraikitzeko eta horrela lurraldea legez kanpoko koloniekin lotzeko”. Aurreikuspenen arabera, proiektua aurten hasiko da, eta tranbia 2025. urtean egongo da martxan.
Erronka da “gaia gizarteratzea eta kontzientzia sortzea, onartezina delako palestinarrak pairatzen ari diren egoera”. Sukaldeko lana egiten ari dira, eta horren adierazle izan zen, iragan otsailean, Euskal Herriko 70 gizarte eragilek BDZren kanpainarekin bat egin zutela. CAFeko langile batzordeak ere eskaera egin zion enpresari. “Halako batean pentsatu genuen CAFek atzera egingo zuela, baina ez da hala izan; kolpe handia izan zen”.
Dena den, “lanean segitzen” dute, “mezua zabaltzen”, nahiz eta garbi duten indar handia duen enpresa dela CAF. “Koherentzia ariketa” egitea eskatzen du Alvarez de Eulatek, “herri baten eskubideak daudelako jokoan”.