Bizilagunekin aztertu ostean, Benta Txikiko zaborgunea itxiko dute
Benta Txikiko zaborgunearen egoera «jasanezina» dela azaldu du udalak, eta bizilagunekin aztertu eta gero, ixteko erabakia hartu dute.
Benta Txikiko birziklatze gunea itxi eta kentzeko erabakia hartu du Idiazabalgo Udalak bizilagunekin aztertu eta alternatibak kontrastatu ondoren. Udalak ohar baten bidez azaldutakoaren arabera, zaborgunearen egoera «jasanezina» da. Edukiontziak dauden eremuan, kanpoan zein barruan, mota guztietako hondakinak agertzen dira. Kaskoko edukiontziak erabiltzea adostu dute bizilagunek eta udalak. Bestalde, gogorarazi dute edukiontzi marroia itxita dagoela kalitatea bermatzeko eta metalezko giltza beharrezkoa dela hori erabiltzeko. Grisa ere itxita dago, txartel bidez ireki daiteke, eta pixoihalen edukiontzia erabiltzeko 943 16 15 55 zenbakira deitu behar da. Tamaina handiko trasteak botatzeko Beasaingo edo Ordiziako Garbigunea erabiltzea gomendatu dute.