Ia 700 kilometro bizikleta gainean bidea egiteko
Sarek martxan jarritako Izan bidea, ibiltarien sarea ekimenaren barruan, Galiziako A Lamako kartzelara abiatuko dira astelehenean Ekhi Albizu eta Joseba Zabaleta segurarrak txirrinduan.
Ekainaren 28an aurkeztu zuen Sarek Izan Bidea, ibiltarien sarea ekimena Ordiziako Barrena Parkean. Erronka zera da: 3.127.326 kilometro betetzea, euskal herritar bakoitzeko bat. Egitasmoaren bitartez euskal preso eta iheslarien egoera eta urrunketa politikak salatu nahi ditu Sarek. Euskal jendartea gonbidatu dute parte hartu eta «bakerako eta elkarbizitzarako» bidea egitera.
Horretarako, kilometro bakoitza erregistratzeko, aplikazio bat sortu dute. Maiatzaren 29an jarri zuten martxan eta Sareren webgunean dago eskuragarri. Horrez gain, sare sozialetan #IzanBidea eta #IbiltarienSarea traolak erabiltzeko deialdia luzatu diete parte hartzaileei.
Oinez, korrika, monozikloan, bizikletan… edonola egin daiteke, motorrik erabili gabe. Herritar bakoitzak ez ezik, dantza taldeek edo bestelako elkarteek ere parte har dezakete. Aldez aurretik antolatutako dantzaldi batek ere balioko luke, esaterako. Helburua euskal herritarrek pausoak eta kilometroak elkarrekin egitea da. Goierrin ere egin dituzte hainbatek. Ekhi Albizu eta Joseba Zabaleta segurarrek kontabilizatu dituzte batzuk aplikazioan dagoeneko, eta astelehenean ekingo diote erronka handiago bati: Galiziako A Lama kartzelara abiatuko dira bizikletan Xabier Makazaga bisitatzera.
Ia 700 kilometro
«677 kilometro izango dira guztira Santiagoraino, bost etapatan banatuta», azaldu dute segurarrek. Santiago bideko autobidea hartuko dute. Astelehenean, uztailaren 20an, Seguratik aterako dira Otzaurte aldera Beloradora iritsi arte. 146 kilometro eta 2000 metroko desnibela. Hurrengo egunean, uztailaren 21ean, 173 kilometro egingo dituzte Beloradotik Sahagunera, 1260 metroko desnibelarekin. Hirugarren etapa asteazkenean izango da, uztailaren 22an. 153 kilometro eta 1220 metroko desnibela Sahagunetik Portomarinera. Hurrengo egunean Ponferradara iritsiko dira 112 kilometro eginda eta 2000 metroko desnibela pasata, eta ostiralean 93 kilometro egin eta Santiagora iritsiko dira. Santiagora iritsita, furgoneta hartu eta A Lamara joko dute.
Urrunketa, gertutik
Xabier Makazagak 18 urte daramatza kartzelan. Ez da bisitan doazen aurreneko aldia, baina bai bidea bizikletan egingo duten lehen aldia. Albizu Makazaga laguna bisitatzera joatekoa zen, eta Izan bidea ekimenarekin bat egitea erabaki zuen. Zabaleta laguna ere batu zitzaion bizikletan egiteko asmoa azaldu zionean. Beste hainbatek bezala haiek ere gertutik pairatzen dituzten urrunketa politikak salatzea dute helburu.
Astelehenean Seguratik Santiagorainoko bidea egingo dute presoen eta iheslarien egoera ikusarazi eta elkarbizitzarako deia egiteko. Ondoren ere egiten dituzte kilometroak gordeko dituzte Sareren aplikazioan, baina halako erronkarik ez dute aurreikusi oraingoz: «Gertuago balego egingo genuke», agertu dute.