Irrati zaharren erakusketa Antioko interpretazio zentroan
Javier Soler donostiarrak irrati zaharren bilduma egiten du, eta egunotan, Antioko interpretazio zentroan jarri ditu ikusgai.
Antioko interpretazio zentroan erakusketa osatu dute Javier Soler donostiarraren irrati zaharrekin. Irratiak uda osoan egongo dira ikusgai. Solerrek jaso eta zaharberritutako 40 bat irrati zahar ikus daitezke Antion . Horietako
28 egurrezkoak dira. Donostiar honi umetatik gustatzen zaio irratia. «Irrati mundua umetatik atsegin dut. Irratia entzutea asko gustatzen zitzaidanez, aparailuen funtzionamendua ezagutu nahi nuen. Horretarako, desmuntatu egiten nituen».
Hurrengo pausoa, bilduma osatzea izan zen. «Senitartekoek eta lagunek deitu egiten didate norbaitek irrati zahar bat bota behar duenean». Herrialde askotako irratiak ditu. Bere kuttuna Marconi markako bat da.
Beste batzuk ez dira hain politak, baina oso bereziak dira. Erakusketako bi Bigarren Mundu Gerran erabili zituzten, esaterako. Bat uretan sar daiteke eta ez du pilarik edo entxuferik behar: biradera batekin kargatzen da. Irrati hauek guztiak Nafarroako etxe batean gordetzen ditu eta lehenengoz erakutsi ditu Gipuzkoan.