Ordiziako EAJk emaitzen balorazio «positiboa» egin du
Egoera kontutan izanda partehartzea jaitsi izana normaltzat jo dute, baina bozak «herritarren segurtasunerako eta osasunerako berme guztiekin» egin zirela uste dute. Ezenarrori «Ordiziar guztien alkatea gisa baino gehiago, EH Bilduren buruzagi gisa jardun izana» kritikatu diote.
Ordiziako EAJk hauteskundeetako emaitzen balorazioa egin du. Eskerrak eman dizkie botoa ematera joan ziren 3.856 ordiziarrei eta, «bereziki», EAJrengan konfiantza jarri duten 1.268ei. Balorazio «positiboa» egin
dute. «Gure alderdiak gehiengoaren babesa lortu du autonomia erkidego osoan, gure posizioa indartuz eta pandemiak sortu duen egoera zailari aurre egiteko beharrezkoa izango den gobernu indartsu eta egonkor bat osatzeko aukera emanez. Kontrapuntu negatiboa 50.000 botoren galera ekarri digun abstentzio altuan dago. Horren inguruan hausnartu beharko dugu, zalantzarik gabe».
Ordizian parte hartzea 9 puntu jaitsi da. «Ez da harritzekoa, jasan dugun agerraldiarekin sortu den egoera kontuan hartuta. Uste dugu igandean argi eta garbi ikusi zela hauteskundeak herritarren segurtasunerako eta osasunerako berme guztiekin egin zirela. Hori da, hain zuzen ere, guk defendatu duguna, beste batzuk zalantzan jarri badute ere, alarma sortuz eta ordiziarrek behar zuten lasaitasuna baino onura alderdikoia bilatuz».
Adur Ezenarro alkatea kritikatu dute, Osakidetzari «funtsik gabe» gardentasun falta leporatzeagatik. «Ordiziar guztien alkatea gisa baino gehiago, EH Bilduren buruzagi gisa jardun du. Egoerak batasuna eskatzen zuen, eta alkateak nahiago izan du konfrontaziora jotzea». Etekin politikoa atera nahi izan duela gehitu dute.