Segurako denboraren makina
Koronabirusa dela eta, dena airean dago eta urrutira bidaiatzera arriskutsu samarra izan daiteke. Seguran, espazioan bidaiatu nahi ez dutenek denboran bidaiatu dezakete.
Koronabirusa dela eta, aurten jende askok ez du urrutira bidaiatuko. Berriro ere konfinatuko gaituzten eta aireportuak itxiko dituzten beldur dira. Espazioan bidaiatu nahi ez dutenek (eta gainontzeko guztiek), denboran bidaiatzeko aukera dute, Goierritik atera gabe. Nola? Segurako Ardixarra etxeko Erdi Aroko interpretazio zentroa bisitatuz eta bertako bisita gidatuetan parte hartuz.
Segurako hiribildua multzo monumental historiko-artistiko izendaturik dago. Bisita gidatuetan, XIII. mendetik XVIII. mendi bitarteko garaietara joaten dira, garai hartako etxe, jauregi, eliza, sarrera ate eta herriko kaleak bisitatuz. Ardixarra etxeari dagokionez, XVI. mendeko etxebizitza-tailerra da. Bertan, turismo bulegoa, erakusketa areto bat eta Erdi Aroko interpretazio zentroa daude. Jatorrizko egurrezko eraikuntzaz goza daiteke. Gainera, ikus-entzunezko labur baten eta maketa baten laguntzaz, Seguraren historia azaltzen dute.
Bisita gidatuetan XVI. eta XVII. mendeko jauregiak, karkaba (bi etxeren arteko pasadizo estua), oraindik egoera onean dauden hiru sarrera ateak eta eliza ere erakusten dituzte. Aipatzekoa da Segurako eliza Gipuzkoako seigarren handiena dela. Informazio gehiago nahi dutenek eta tokia hartu nahi dutenek Ardixarra etxera deitu behar dute: 943 80 17 49.
Ardixarra etxeak bisitari asko hartzen ditu urtean zehar: ikastetxeak, elkarteak, familiak, lagun taldeak, Donejakue Bidea egiten ari direnak… Aurten, koronabirusa dela eta, bisitarien profila aldatu egin da. «Erromesek Beasainen edo Zegaman lo egiten dute, baina aurten aterpeak itxita daude eta hoteletan-eta lo egin beharra dute. Seguran Imaz hotela, Ondarre landetxea eta bi apartamentu ditugu», diote Ardixarra etxeko turismo gidariek.
Gainontzeko bisitariei dagokienez, aurten gertukoak dira gehienak. «Orain arte, gehienak Gipuzkoatik eta Bizkaitik etorri dira: Segurara lehen aldiz etorri diren donostiarrak, Durango aldekoak, Bilbo ingurukoak, goierritar asko, nafarrak… Asko furgoneta eta autokarabanekin etorri dira».
Iaz arte, uda garaian katalanak eta madrildarrak ziren nagusi. «Aurten ere, dagoeneko batzuk etorri dira». Izan ere, toki gutxitan aurkituko dute Segurakoaren pareko denboraren makinarik.