«Txamarretxe auzoaren izaera berezia da, kale-artzainena»
Zaldibiako Txamarretxe auzoan 1984an hasi ziren urteko festa egiten. Bihar zatekeen, baina ez dute ospatuko aurten. Jon Ordozgoiti antolatzaile taldekoak falta sumatuko du.
Txamarreteko festa asteburuan zen egitekoa.
Larunbatean tokatuko zen, bai. Baina ez da egingo. Egoerak ahalbidetzen badu, festa batzordekoek auzoko Arrese jatetxean afari-mokadu bat agian egingo dugula aritu ginen esaten, baina festarik ez dago. Bertan behera uztea erabaki genuen, duela hilabete eta erdi, zer egoera zegoen ikusita. Badaezpada hartu genuen erabakia, eta aste honetan eta lehengoan Ordiziako agerraldia ikusita, jada maskara erabiltzea nahitaezkoa izango dela eta abar, hala beharko du.
Festa-ukitua emateko ere ez?
Tabernakoak badu asmoa gaztazaharra zerbitzatzeko. Txamarretxe artzain auzoa izandakoa da, kale-artzain dezente ziren garai batean hemen, eta gaztazaharra da ikur bat. Beste urteetan ere ateratzen zuten Arresekoek, eta zapatuan [bihar], iluntze aldera pintxo-poteoa egiteko asmoa duela entzun dut. Baina ez da festarekin zuzenean antolatutako ezer izango.
Zer izan ohi da, besteetan, auzoko festa?
Guretzat egun guztikoa izaten da, azken batean, festa. Goizean karpa montatzen dugu Arrese aurrean, gauerako eguraldia okertzen bada bertan afaltzeko. Bestela, arratsalde-iluntze partean da jendearentzat festa. Iztueta dantza taldearen emanaldia izaten da, Iztuetaren jaiotetxea auzoan dagoenez. Auzotarren arteko toka txapelketa ere egiten da. Gero, Arresek eta Larrarte sagardotegiak eskainita ardoa eta sagardoa ateratzen da. Astigarragako
Larrarte sagardotegiko mutila Zaldibiakoa da, auzotik gora joanda dagoen etxe batekoa; txotxetik ekarri izan du 10 bat urtean sagardoa. Gaztazaharra jan, ardoa edo sagardoa edan eta bitarte horretan, trikitilariek pieza batzuk jotzen dituzte; Agurtzane eta Jon Elustondo etorri izan dira azken urte pila batean. Eta afal aurreko bertso saio motz bat egiten dute bertsolariek. Karpan afaldu, eta ondoren bertsolariak eta trikitilariak. Hurrengo egunean, jaiki, karpa desmuntatu… Antolatzaileentzat asteburu guztiko festa izaten da.
Txamarretxe auzoak izaera berezia du? Artzain ugari zirela esan duzu.
Mendiko bidean, azken auzoa zen. Horrek egin zuen berezia. Kale-artzainen auzo bezala, berezia zen, eta mendira joateko bidea ere handixe zen. Iztuetaren jaiolekua ere bada, baina lehen ez zen figura hori hainbeste nabarmentzen. Artzainena, aldiz, bai. Berezia da auzoaren izaera.
Bertakoa zara zu?
Ez, jaiotzez ez naiz auzokoa. Etxeko osaba, ama, aitona… bai, horkoak dira. Osabek badute ohitura etortzeko, iluntzean afaltzera eta. Familia gehiagotan ere badute joera, auzoan bertako jendea zena, egun horretan joatekoa. Kanpoan bizi direnak baino gehiago, Zaldibian kalean edo behealdean bizi direnak etortzen dira. Espainiatik etorritako etorkinak ere, batzuk hasieran hor jarri ziren bizitzen, nahiz gero beste norabait joan; horiek ere azaltzen dira.
Tiradizoa badu, orduan, festak.
Azken urteetan, auzoko gazteak eta haien kuadrillakoak ere asko etortzen dira. Giro polita egoten da. Bertsolariak ere puntanekoak ekartzen ditugu beti: Sarriegi, Agirre, Zubeldia, Mendiluze… Bertso saioa ere segurtatuta egoten zen, eta giro ona.
Iraganean ari zara hizketan. Berriz ere zerbait izango da, bada?
Orain arte zer egiten zen ari naizelako. Berriz ere egingo dela espero dugu. Gure partetik, ez badago beste eragozpenik eta ondo bagara, espero dugu datorren urtean antolatzea Txamarretxeko festa.
Lan asko eskatzen al dizue antolaketak?
Ez da hainbesterako. Afarien aitzakian egiten ditugu bilerak aurretik, eta ez da lan asko izaten: dei batzuk bertsolari eta trikitilariei… Udal aldetik laguntza guztia edukitzen dugu, mahai, karpa eta behar dugun dena uzten digulako. Finantzazioa ere zati handiena udalaren kontu izaten da. Taldean normalean 8-9 lagun ibiliko gara antolatzaile, baina garai batean ibiltzen zirenak ere batzordean badaude, eta zuzenean ibili ez arren, oraindik egunean laguntzen jende gehiagok parte hartzen du. Gu gara gazteenak, 37-40 urte bitartekoak. Osaba eta, 80rekin, hor ibiltzen dira.
Aspaldikoa al da festa-ohitura hau?
36 urte dira Txamarretxeko festa egiten hasi zirela, 1984an izan zen lehendabizikoa. Urteren batean huts egin zen, baina gainontzean, urtero ospatu izan da. Beste kuadrilla bat hasi zen antolatzen, 25 bat urterekin; haiek utzi zuten, erreleboa etorri zen taldera, eta gu azken 15-16 urteetan ibiliko gara. Kuadrillako beste bi ere auzokoak ditut, eta gure osabekin eta gurasoekin batera jarraitu dugu. Erreleboa orain arte egon da, eta gero ere izango dela iruditzen zait.
Falta sumatuko duzue larunbatean?
Bai. Jendea ari da galdetzen, Txamarretxeko festa izango zela orain eta. Gogoratu dira herritarrak. Lan asko ez da, baina arduraz hartzen dugu, eta beti eguraldiaren gaiarekin ere kezka izaten da. Baina festa faltan izango dugu, jakina. Uztaileko festaekitaldi aipagarriena Txamarretxeko festa da orain Zaldibian, lehen Gazte Festak ere baziren arren. Jendeak ere nabarituko du. Ondo bagara, izango da datorren urtean aukera.