Lehenbailen hartu dira neurriak Ordizian, kutsatu berriak atzeman ondoren
Herriko taberna batean kutsatu berriak egon direla zabaldu ostean, Adur Ezenarro Ordiziako alkateak beharrezko neurri guztiak hartu dituztela argitu du.
Azken orduetan, ordiziarren ahotan egon da beste taberna bateko zerbitzari batek Covid-19an positibo eman duela.
Horren harira, Adur Ezenarro Ordiziako alkateak, bideo bat eginez, herritarrei baieztatu nahi izan die Kantoi tabernako langile batek positibo eman duela eta hedapena geldiarazteko behar diren neurri guztiak hartzen ari direla. Zurrumurruek batere laguntzen ez dutela esanez, aurreko egoera gainditzen ari direla baina errealitate berri honetan, oraindik ere, positibo berriak atzematen ari direla argitu du. Positibo berri horiek lehendik kutsatutakoen kontaktu zuzenak edota Zarauzko agerraldiarekin lotutakoak omen dira.
Tabernako arduradunek, Udalarekin elkarlanean, prebentzio modura establezimendua ixtea eta langileak isolamenduan jartzea erabaki dute. Aztarnariak kutsatutakoekin kontaktu zuzena izan zuten herritarrak identifikatzen ari dira. Hala ere, Ezenarrok kontaktu zuzena izan dutenei etxean geratzeko eta babes neurriak hartzeko gomendatu die. Aurrerantzean, taberna desinfektatu eta langile berriekin berriz ere irekiko da.
Gainontzean, arduraz jokatzeko eta lasai egoteko mezua zabaldu du alkateak.
[EUS] Azken orduetan zabaldu diren albisteen harira, alkatearen azalpenak. Joka dezagun guztiok arduraz, eta zaindu gaitezen.#ordizia#covid19 pic.twitter.com/r5oj1ktS8U
— Ordiziako Udala (@Ordiziako_Udala) July 19, 2020