Mirandaolako burdinola ezagutzeko bisita gidatua
Hilabete luzez itxita egon ondoren, Mirandaolako burdinola berriz ere herritarrentzat zabaldu dute, bisita gidatuak antolatuz.
Mirandaolako Burdinola berriz ere martxan da. Gipuzkoako ondare garrantzitsuenetariko bat konfinamenduaz geroztik itxita egon da. Gaur, bi bisita gidatu antolatu dituzte segurtasun distantziak mantenduz eta musukoa erabiliz. Sarrera dohainik da, baina aurrez, erreserba eskuratu behar da Zumarragan, Antioko turismo bulegoan.
Bertaratutakoek, olagizonek makineria martxan nola jartzen zuten ikusteko aukera izan dute. Errekako uraren indarraz baliatuz, mailu erraldoi batek gori-gorian dagoen burdina nola lantzen duen erakutsi dute bertako olagizonek. XVI. mendeko jantziak erabili dituzte ikuskizuna girotzeko. Gainera, Mirandaolako Kaperan bertan gertutako Gurutze Santuaren miraria kontatu dute. Bukatzeko, burdinolako gizonek ola-pintxoa prestatu dute burdinolako txingarretan.