Idiazabalgo udalekuetako partaide batek positibo eman du bigarren proban
Udalak lasaitasun mezua eman nahi izan du, eta azaldu du aurrez isolatuta egon dela eta dagokion protokoloa aplikatuko zaiela hari eta haren ingurukoei.
Idiazabalgo udaleku irekietan COVID-19a dela eta egindako bigarren proben emaitzak bidali dizkio Osasun Sailak udalari. Honek azaldu du, positibo kasu bat detektatu dela proba horietan. Herritarrei lasaitasun mezua bidali nahi izan diete ordea; pertsona hori “aurrez isolatuta” egon dela eta “berari eta bere ingurukoei dagokion protokoloa” aplikatuko zaiela azaldu du.
Hilaren 10ean agertu zen udalekuei lotutako lehen positibo kasua Idiazabalen. Biharamunean 48 laguni egin zitzaien azterketa, 35 begiraleri eta 13 umeri, eta denek eman zuten negatibo. Hala ere, segurtasun protokoloa jarraituz, 10 egunez isolatuta egon ziren begirale harekin kontaktuan egondako guztiak. Positiboaren berri izan bezain pronto, bertan behera utzi zituzten udalekuak.
Bestalde, udalak herritar guztiei egin die “prebentzio eta higiene neurriak zorrotz” betetzeko deia, COVID-19 kasu gehiagorik ager ez dadin.