Urmuga egitasmoak Urbiara eta Lareora eramango du musika
Et Incarnatus orkestra eta beste hainbat musikari ariko dira mendiz mendi osatzen ari diren kontzertu sortan. Gaur Urbiako zelaietan joko dute, eta bihar, Lareoko urtegian.
Musika eta mendizaletasuna uztartzen dituen Urmuga proiektua Goierrira iritsiko da egunotan. Euskal Herria mendebaletik ekialdera zeharkatzen duen mendilerroari deitzen zaio ur muga, Kantaurialdeko eta Mediterraneo aldeko isuriak banatzen baititu. Baina Euskal Herria bitan banatzen duen ertza baino, “Euskal Herria josten duen hari luze bat” bezala ulertzen dute Urmuga. Uztailaren 14an hasi eta abuztuaren 1a bitartean, “bidaia barneratzailea” egin nahi dute; bidean zehar, hamar emanaldi eskainiko dituzte, paraje naturaletan. Tartean, Aizkorri, Aralar, Tologorri, Okabe, Orhi, Erremendia eta Hiru Erregeen Mahaia bezalako parajeak bisitatuko dituzte.
Egunotan Goierri inguruan ibiliko dira musikariak. Gaur, Urbian egingo dute emanaldia, 18:00etan. Bihar, Berriz, Aralarrera gerturatuko dira, eta Lareoko urtegian egingo dute saioa, ordu berean. Et Incarnatus orkesktrako musikariek eta hainbat gonbidatu berezik osatuko dituzte emanaldiak. Urbiako saioan Maddi Oihenart, Gorka Benitez eta Juantxo Zeberio izango dituzte bidelagun. Lareon berriz, Et Incarnatus orkestra, Donostiako orfeoia eta Eneko Dorronsoro trikitilaria ariko dira, Benitez eta Zeberiorekin batera.
COVID-19a dela eta, ikusle kopurua mugatua izango da, eta aurrez eman behar da izena, urmuga.eus webgunean sartuta.