Andre Mari jaiak bertan behera utzi ditu Gabiriako Udalak
COVID-19a dela eta, Gabiriako Udalak iragarri du aurten ez dela Andre Mari eta San Roke festarik ospatuko. Egun horietarako kultur ekitaldiak antolatu dituzte, ordea.
COVID-19ak eragindako osasun egoeran, segurtasun neurriak betetzea ezinezkoa izango dela eta, Gabiriako Udalak iragarri du aurten ez dela Andre Mari eta San Roke festarik ospatuko. Abuztuaren 14an, 15ean eta 16an, hala ere, kultura ekitaldi bana izango dira, bertsolari jaialdia eta antzerkiak.
Udalak azaldu duenez, “udaberri kulturala ere bertan behera” utzi behar dute aurten, eta festak ere antolatzerik ez dagoenez, “garrantzitsua iruditu zaigu herritarrentzako ekitaldi kultural batzuk antolatzea” abuztuko data horiei begira. Abuztuaren 14an bertso saioa egingo dute, Ane Zuazubiskar, Maialen Lujanbio, Andoni Egaña, Iker Zubeldia, Unai Iturriaga eta Gorka Maiz bertsolariekin. Hilaren 15ean, berriz, Ramon Agirre, Nerea Gorriti eta Inazio Tolosa aktoreek Gu primer! antzezlana egingo dute.
Txikienentzako ekitaldirik ere ez da faltako: 16an, Urpekakariak emanaldia egingo dute. Eta hilaren 17an, lehengo usadioari jarraituz, afari merienda egingo dute herrigunean. Gehienez 20 laguneko taldetan egingo dute, eta norberak eraman beharko ditu jatekoa, aulkiak eta mahaiak; udalak ardoa banatuko du. Gauean, su artifizialak izango dira.
Abuztuko ekitaldi guztiak herriko plazan izango dira, eta ikusleek eserita egon beharko dute. Euria izango balitz, frontoian egingo lirateke.
Irailerako ere ekintza gehiago antolatzen ari direla jakinarazi dute, 18-20 eta 25-27 asteburuetarako, baina aurrerago emango dute xehetasunen berri.