Artilea bildu, konposta egiteko
Gipuzkoako landa garapeneko eta nekazaritza arloko elkarteak artile bilketa egiten ari dira; lehen saioa Idiazabalen egin dute. Konpostatu egingo dute, prozesu berezi batekin
Artegietan pilatzen den artilea bildu eta irtenbide bat emateko asmoarekin, nekazari elkarteek bilketa berezia egingo dute uztailean zehar, Gipuzkoako bost herritan. Horietan lehenengo saioa atzo egin zuten, Idiazabalen. Artile hori guztia jaso eta Artaxoako (Nafarroa) Ecofert enpresara eramango dute gero, konposta egiteko.
Landaola Gipuzkoako landa garapen elkarteen federazioa, Abelur eta Lurgintza elkarteek antolatu dute bilketa, eta Goierrin, Goimen aritu da antolaketa eta koordinazio lanak egiten. Manex Aranburuk azaldu du «20-30 tona artile» bilduko dituztela Goierrin bakarrik. Proiektu honen inguruan bildu diren elkarte guztiak, «artilea balorizatzen den bitartean, irtenbide duin bat eman nahian» ari direla azaldu du. Bilketa bateratu honekin, artileari irtenbide bat emateaz gain, abeltzainentzat ahalik eta preziorik merkeena izatea lortu nahi dute.
Prozesu konplexua
Artilea eramateko ordaindu beharrak, zeresana sortu du artzainen artean, baina Aranburuk azaldu du, artile bilketa honen atzean, «ematen duena baino prozesu konplexuagoa» dagoela. «Azkenean inori ez zaio gustatzen ordaintzea, baina honen atzean antolaketa bat dago, eta hori agian asko ez dakite». Artilea hondakin moduan tratatzen den unetik, «hondakinen sailkapenean» sartu behar dela gogorarazi du. Izan ere, artilea animalietatik eratorritako hondakin bezala tratatzen da, eta ondorioz, gaixotasun iturri bilakatu daiteke gizakientzat. «Horrek esan nahi du ministeritza sarten dela tartean, ingurumen saila, eta bakoitza bere lege betekizunekin. Eta betekizun guztiak egitea zaila da, baimenak eskatu behar dira, bilketarako leku egokiak bilatu, garraioa baimen guztiekin egin…». Azken batean, prozesu guztiak «trazabilitate bat eskatzen du, sortzen den momentutik, azken erabilerara arte».
Orain jasotako artilea Artaxoara eramango dute, konposta egiteko. Baina prozesua bera ere, berezia da, artilearen konpostatzea oso motela baita berez. Hori azkartzeko, artzidura aerobikoaren prozesua erabiltzen dute. Olio zirinarekin nahasten dute artilea, oso azidoa baita. Ondoren, plastikoz biltzen dute dena; xehe-xehe egindakoan, konpost prozesu normal bati aplikatzen zaio. Prozesu horretan haizea ere sartzen dute, «kaltegarria gerta ez dadin» gizakiontzako.