CAFeko Enpresa Batzordeak Itxaso Zalduaren atxiloketa salatu du
Sindikatuek kezka agertu dute Zalduaren egoeraren inguruan, eta "berehala aska dezatela" eskatu dute. Biharko ordubeteko lanuztea eta elkarretaratzea deitu dituzte.
Espainiako Poliziak Itxaso Zaldua preso politiko ohia atxilotu du gaur goizean Hernanin, Beasaingo lantegira lanera zihoala. CAFeko logistika saileko langilea da Zaldua, eta 12 urte pasa zituen preso. CAFeko Enpresa Batzordeak atxiloketa salatu du, “berriro preso politiko ohi baten kontra” jo dutela eta. Batzordea osatzen duten sindikatuen arabera, “euskal langileok bakerantz eta askatasunerantz aurrera egingo duen eszenatoki bat behar dugu, Euskal Herriaren erabakitzeko ahalmena errespetatuko duena”. Garai berri honetan, “edozein aukera politiko gauzatzeko aukera” eman beharko litzatekeela uste dute, muga bakarra “herriaren borondatean” jarrita. Aro honetan, “horrelako operazioek gaindituta” egon behar luketela uste dute, eta ez dela “atxiloketetarako, poliziarako edo kartzelarako garaia”.
Gainera, Itxaso Zalduak “bizi duen egoerarekin kezkatuta” agertu da Enpresa Batzordea, eta “berehala aska dezatela” eskatu dute. Hori guztia dela eta, CAFeko langile guztiei dei egin diete, bihar, ordubeteko lanuztea egin dezaten. Geldialdia 10: 00etatik 11: 00era izango da, eta ordu horretan, elkarretaratzea egingo dute, Beasaingo lantokiko biltegi nagusian.