«Gaztetan ezagutu nuen Astigarreta bestelakoa zen»
Antonio Etxaniz (Beasain, 1937) Astigarreta auzoan jaio zen eta bertan bizi da geroztik San Gregorio eguneko erromeria berreskuratu zuten duela bost urte, baina aurten ezin izan dute egin.
Astigarretan ez da trikiti soinurik entzun asteburuan.
Udalarekin harremanetan jarri ginen eta argi esan ziguten erromeriarik ezin dela egin. Astigarretako jaiak azaroan izaten dira, Sanmartinak, eta ea ordurako zerbait egin daitekeen.
Auzotarrak nola zaudete? Penatan erromeriarik gabe?
Jendea jakitun da egoera ez dela aproposena eta ez da ezer egon eta kito.
San Gregorio eguneko erromeria nolakoa izaten da?
Oso egun polita izaten da: meza izaten da 11:30ean eta jarraian hamaiketakoa. Txalapartariak, trikitilariak, bertsolariak… egoten dira eta elkarrekin bazkaltzen dugu. Udalaren laguntza ezinbestekoa da, baina auzotarrak ibiltzen gara antolaketa lanetan.
Ohitura nondik dator?
Nire gurasoek eta aiton-amonek ere ospatzen zuten erromeria. Oso lehendikakoa da. Garai batean Mentekoste ondorengo asteburuan egiten zen, ordea. Gero, urte askoan, erromeriarik ez zen egon. Baina duela bost urte udalera jo nuen esanez San Gregorio ermita erortzear zela: teilatua hondatua zuen, itogin ugari… Udalak dena zahar berritu zuen, eta horren harira hasi ginen erromeria berriz antolatzen.
Erromeria udan izaten da.
Mentekosteak udaberrian izaten dira baina uda egokiago ikusi genuen. Uztailean lanerako libreago gaude, eta festa egiteko eguraldi hobea errazago izaten da.
Zergatik eten zen erromeria?
Auzoko gazte askok baserria utzi eta herrigunera joan ginen. Gainera, erromeria beti igandean izaten zen, eta astelehenean lanera joan behar zenez giro gutxiago egoten zen. Auzoko tabernak ere itxi egin zuen, eta festa galdu egin zen.
Astigarretako egunerokoa nolakoa da?
Orain dela urte batzuk kanpoko jende gaztea etorri zen eta ia baserri guztietan bizi da norbait. Ez dira garai bateko familia handiak, baina zerbait bada. Gainera, orain asteartetan eta ostegunetan Beasaindik autobusa igotzen da auzora, eta herrigunetik ez gaude horren urruti.
Baserrietan jendea bizi bai, baina baserrietatik bizi dira?
Baserritik bizi den inor ez dago. Baina ez Astigarretan, leku guztietan galdu da. Lehen, inguruko mendietan dena larrea zen, ganaduak zer jan izan zezan. Orain dena pinua da, nahiz eta duela urte batzuk gaitza sartu zen.
Asko aldatu da auzoa?
Izugarri. Nire gazte garaian ezagutu nuen Astigarreta oso bestelakoa zen: ganadu asko zegoen, baratzean lan asko egiten zen, familia handiak zeuden… Nik hamar edo hamabi urte nituenean baserrian kalean baino hobe bizi zen. Lan asko egin behar zen, baina bagenuen zer jan. Soldadutzatik etorri nintzenean, 1970ko hamarkadan, beste auzo bat topatu nuen. Fabriketako lan baldintzak hobetu zirenean dena aldatu zen. Jendeak nahiago zuen fabrikan lan egin eta baserriak behera egin zuen. Biak ezin dira uztartu, baserriak dedikazio handia eskatzen duelako. Gainera, fabrikak zortzi orduko lanaldia du, eta jai egunak dituzu. Baserrian ez dago aste barru eta astebururik.
Eta erromeria, asko aldatu da?
Jende asko elkartzen zen lehen: Ezkio eta Itsasotik ,Azpeitia aldetik, Beizamatik, Legorretako Santa Marinatik… etortzen zen jendea. Nola ez, Garin eta Arriaran auzoetatik ere igotzen ziren hona. Erromeria zaletasun handia egoten zen, eta hara eta hona ibiltzen ginen.
Galdu egin da erromeriarako zaletasuna?
Urola aldera gehiago mantentzen dela esango nuke, baina Beasain aldera asko galdu da. Gazteek ez dute trikitilarien alaitasuna ulertzen, nahiago dute beste giro bat. Gazteak ginenean trikitilariak eta bertsolariak besterik ez ziren egoten, eta orduak azkar igarotzen ziren erromerian.
Astigarretara gazteak ez dira igotzen?
San Gregorio erromerian, normalean, jende heldua izaten da, auzoarekin lotura duena. Kuadrilla polita elkartzen gara.