Lasartetik jaso dute dohaintza
Lasarteko Galarditarrek bi ezpata, sei domina eta urrezko giltza bat eman diote Zumalakarregi Museoari. Bernardo Muñoz de Vaca militarraren objektuak dira
Zumalakarregi Museoak duela 31 urte ekin zion ibilbideari, 1989an, Gipuzkoako Aldundiaren zerbitzu publiko gisa. Materiala eta dokumentuak erosi izan dituzte gordailua handitzeko, baina beste askotan herritarrak izan dira etxean dituzten materialak museoaren esku utzi dituztenak. Joan den astean jaso du azkeneko dohaintza Zumalakarregi Museoak Lasarteko Galarditarren eskutik.
Mikel Alberdi Zumalakarregi Museoko artxibo eta dokumentazioko arduradunak azaldutakoaren arabera, bi ezpata, sei domina eta giltza bat eman dituzte: «Garaiko gerriko dotore bat ere bai; errege familia inguruan ibiltzen zen Galarditarren senidea zena». Bernardo Muñoz de Vaca Frias arbasoaren objektuak dira guztiak. 1935an Badajozen jaioa, Francisco de Paula de Borbon infantearen jentilhombre delakoa izan zuen aita, hau da, laguntzailea, eta semeak kargu berdina izan zuen 1859tik 1863ra.
Francisco de Paula Fernando VII.aren eta Carlos Isidro Borboikoaren anaia izan zen, eta Muñoz de Vaca harekin etorri ohi zen euskal probintzietara bainuak hartzera: «Ez da pertsonaia oso ezaguna, baina ibilbide luzea izan zuen, eta dohaintza potentea da material aldetik», azaldu du Alberdik. Muñoz de Vacaren ibilbide militarra azaltzen dituen dokumentu ugari ere jaso dituzte. 1855ean Zaragozako karlisten altxamenduaren aurka borrokatu zuen zalditeriko kapitain bezala eta bigarren karlistadan, 1874an, Habanara joan zen Jose Gutierrez de la Concha bertako gobernadorearen laguntzaile gisa.
Bi urte geroago itzuli zen Lasartera, eta bertan ezkondu zen Juana Galardirekin. Zumalakarregi Museoak Galarditarren dohaintza eskertu du «ondarea zabaltzeko hautua» egiteagatik: «Baliagarriena familia baten esku zegoen materiala gipuzkoarren esku jartzea da, gustora hartzen dira horrelako opariak», agertu du Alberdik.
Erakusketarik ez
Oraingoz material hori gordeko dute: «Historialari edo ikerlariren batek aztertu nahi izanez gero bertan izango ditugu eskuragarri». Ez dituzte, baina, epe laburrean ikusgai jarriko. Beste erakusketa bat dute eskuartean Zumalakarregi Museoan irailaz geroztik. Uztailaren amaiera arte astearte eta ostegunetan Leopoldina Rosa: gaur egungo istorioa erakusketaren bisita komentatuak eskainiko dituzte, eta abuztuan ere izango dute aukera herritarrek XIX. mendeko euskal migrazioa aztergai duen erakusketa hori ikusteko. Aurretik izena ematea gomendatu dute plazak mugatuak direlako.