Oinezkoen Egunen jarraipena irailetik aurrera erabakiko dute
Oinezkoen Egunak egitasmoak eragindako trafiko arazoei aurre egiteko, semaforoa jarri dute Ugarkaondo parean. Irailean, partehartze prozesua egingo dute, ekimenaren jarraipena aztertzeko.
COVID-19ak eragindako alarma egoeraren deseskalada fasean Idiazabalgo Kale Nagusiko zati bat itxi zuen udalak, Oinezkoen Egunak ekimenari hasiera emanda. Horren bidez ostalariei terrazak jartzeko aukera eman zitzaien. Ugarkaondo etxearen parean, halere, trafiko arazoak izan dira. Hori dela eta, asteburuetan semaforo bidez erregulatuko dute Ugarkaondo pareko bidea aurrerantzean, ostiraletako 17:00etatik igandeetako 23:00etara. Udalak azaldu du «aldi baterako» neurria dela, eta Oinezkoen Egunen jarraipena erabakitzeko partaidetza prozesua jarriko du abian irailean: «Iritzi bilketa honen helburua, aurrera begira ekimenarekin jarraitu edo zer aldaketa egin daitezkeen lantzea da».
Enpresa bat kontratatu du udalak parte hartze prozesua antolatzeko: «Irailean hasiko dira herrian zehar herritarrei inkestak egiten». Gainera, bizilagun eta eragileen artean foro bat osatuko dute «gaia aztertu eta lantzeko». Herritarren parte hartzea eskatu du udalak, eta azaldu du inkestak egingo dituztenak identifikatuta joango direla.