Udako aisiari zuzendutako zerbitzua ez duela etengo esan du aldundiak
COVID-19 kasuen goraldiaren aurrean, udaleku irekiak «aldi baterako» bertan behera utz ditzatela eskatu die Eusko Jaurlaritzak udalei. Aldundiak, ordea, zerbitzua eskainiko die jarraitu nahi dutenei.
Eusko Jaurlaritzak larunbatean udalekuak bertan behera uztea gomendatu ostean, Harkaitz Millan Kulturako eta Gazteriako diputatuak jakinarazi du, Gazteria Zuzendaritzak babesa emango diela aurrerantzean ere jarduerak ez etetea erabakitzen duten udal eta erakundeei, haurren eta begiraleen segurtasuna bermatzen jarraitzeko.
Azken astean, COVID-19aren kasuen gorakada ikusita, Osasun Sailak babes neurri gehiago iragarri zituen pasa den astean. Nekane Murga Osasun Sailburuak esan zuen, «kutsadura gehienak aisialdian eman» zirela, eta «kutsatuen profila ere aldatu egin» dela, orain, «batez ere gazteen artean» ari dela zabaltzen. Gauzak horrela, Eusko Jaurlaritzak, Eudelen bidez, Udalei eskatu zien bertan behera utz zitzatela herrietako udalekuak.
Atzo arratsaldean, ordea, Harkaitz Millan diputatu sozialistak Aldundiak udako aisialdiko jarduerak ez etetea erabakitzen duten udal eta entitateei zerbitzua ematen jarraituko duela jakinarazi zuen.
Millanek, gainera, harridura agertu du EAEko gobernuak komunikatzeko erabili duen moduagatik: «Prentsaren bidez jakin dugu Eusko Jaurlaritzaren erabakia. Ziurgabetasun handia eragin die familiei eta udako jarduerak antolatzen dituzten erakundeei».
Diputatu sozialistak «profesionaltasunari balioa» eman nahi izan dio; eskerrak eman nahi dizkie «udalei, erakundeei eta 1.600 begirale baino gehiagori, ziurgabetasun-testuinguru batean eta osasun-agintariek onartutako neurri guztiak zorrotz betez lan handia egiten ari baitira».
Dena den, «erantzukizuna» eskatu die lurraldeko gazteei, «birusaren kutsatzaile ikusezin izan daitezkeelako». «Gazteek udaz gozatzeko eskubidea dute, baina kontu handiz ibili behar dute eta, batez ere, osasun agintariekin elkarlanean aritu, positibo emanez gero».
Egoitzetan murrizpenak
Haurren udalekuetan bakarrik ez, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak adinekoen egoitzei eta eguneko zentroei eragiten dien neurriak ere iragarri zituen. Aldundiei eskatu die, adineko pertsonen egoitzetako joan-etorriak mugatzeko, egoiliarrek kalera ateratzea eragotziz, eta bisitak murriztuz, senide bakarra joan ahal izango delarik bisitan. Eguneko zentroak ere itxi dituzte.
Nekane Murga sailburuak esandakoaren arabera neurri horiekin helburua da, «etorkizunean kutsatze gehiago egotea saihestea».
Bestalde, Murgak adierazi zuen «segurua» dela ostatuetan eta etxeetan topaketak egitea: «Segurtasun neurriak betetzen badira». Eta errepikatu zuen, maskara erabiltzea «guztiz beharrezko» babes neurria dela.
Hiru egunez COVID-19aren datuak eguneratu gabe egon eta gero, beste 114 positibo atzeman dituzte Hego Euskal Herrian, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak atzo argitaratu zuen txostenak dioenez. Horietako 63 Gipuzkoan. Goierrin, 18 dira atzemandako positiboak: 11 Ordizian; 3 Legorretan, eta bana Beasainen, Ezkio-Itsason, Idiazabalen eta Ormaiztegin.
Idiazabalen eta Ordizian
Idiazabalgo udaleku irekietan parte hartu duten haur eta begiraleei COVID-19aren proba egin diete bigarrenez. Osasun Sailak igorri dituen emaitzek, kasu positibo bat baieztatu dute. Idiazabalgo Udalak jakinarazi du, pertsona hori aurrez isolatuta egon dela eta berari eta ingurukoei protokoloa aplikatuko zaiela.
Positibo kasuen harira, azken egunetan Ordizian sortu diren zurrumurruak direla eta, Adur Ezenarro alkateak argitu du, Kantoi tabernako langile batek positibo eman duela eta hedapena geldiarazteko behar diren neurri guztiak hartzen ari direla. Tabernako arduradunek, udalarekin elkarlanean, prebentzio modura establezimendua ixtea eta langileak isolamenduan jartzea erabaki dute.
Ezenarrok, kontaktu zuzena izan duten pertsonei etxean geratzeko eta babes neurriak hartzeko gomendatu die. Bestalde, taberna desinfektatu ondoren eta langile berriekin berriz irekiko dute.
Gainontzean, iragan ostiraletik irekita daude Ordiziako haur parkeak, aurretik guztiak desinfektatu ostean. Udalak jakinarazi duenez, egunero desinfektatuko dira, 12:00etatik 13:00etara eta larunbat eta igandeetan goizeko 06:00etan. 6 urtetik gorako guztiek maskara jantzita eraman behar dute, segurtasun neurriak errespetatuz.