Usurbilen igandean hasi eta Zaldibian datorren igandean bukatuko da aurten Sega Liga
Almitzaren nazioarteko erako Sega Liga bi jardunalditara murriztu dute aurten, koronabirusa dela eta. Usurbilen, Herri Kirolen Egunaren barruan egin dute lehen saioa, 20 segalarik. Hurrengo hitzordua Zaldibian dute, igandean.
Almitza sega elkarteak antolatzen duen nazioarteko erako Sega Ligak bi jardunaldi izango ditu aurten, koronabirusaren egoerak hirutik murritzarazita. Herenegun jokatu zen lehena, Usurbilen; bestea, datorren igandean, uztailak 26, Zaldibian, 11:30ean, Irastortzako zelaietan.
Usurbilen, Herri Kirolen Egunaren barruan, Udarregi ikastola aurreko zelaian lehiatu ziren adin askotako 20 segalari. Gizonezko larrietan (6 partaide) Julen Gabirondo nagusitu zen (3:48,61), emakumezkoetan (7 segalari) Ainara Otamendi (1:49,50). Gazte mailan onena Josu Mendizabal zaldibiarra izan da (2:04,21), bosten artetik, eta haurretan Izadi Arrospide (1:39). Goierritarrei dagokienez, Migel Mari Jauregi Altzo bigarren izan da, Nesketan, Maide Garmendia 2., Graxi Elosegi 6. eta Susana Lopez 7., zaldibiarrak denak, eta Haizea Arruti itsasondoarra bosgarren.