Ataunen eta Zegaman, historiaurrea deiadarka
Hitzordu bikoitza prestatu du Parketxe Sareak larunbaterako Goierrin, mendiko kultura-jakingarriak ezagutzeko: Aralarreko Ondarren eta Aizkorriko San Adrianen indusketen berri emango dute adituek.
Azken hamarkadako interes arkeologiko garrantzitsuenak Aralarko Ondarren eta Aizkorri-Arazko Leizarrete edo San Adrian koban ari dira lantzen zientzialariak. Historiaurrearen eta historiaren irakurketan sakondu ahal izan dute, lurrazala industu eta aurkitutako aztarnen peskizan.
Arreta zientifikoa bereganatzeaz gain, kultura eta turismo baliabide ere bihurtu dira. Goierritarrek, eta hala nahi duten bisitari guztiek, larunbatean daukate gehiago jakiteko aukera. Bietakoren bat, aldi berean antolatu baititu Gipuzkoako Parketxe Sareak bisita gidatuak San Adrianen eta Ondarren.
Ondarreko goi lautadan, Jose Antonio Mujika arkeologo beasaindarrak gidatuko du bisita. Helduentzat eta 12 urtetik gorako gaztetxoentzat da egokia. Lizarrustitik abiatu 09:00etan, eta 14:00etarako itzuliko dira hara.
Historiaurreko indusleku emankorrenetako bat da gaur egun Ondarre. Arkeologoak lanean ari dira oraindik, udaro kanpainak burutuz. Azken aurkikuntzen berri eta egindako zaharberritze lanen berri emango du Mujikak. «Gutxi dira Euskal Herrian Historiaurreko hainbeste aztarna aurkitu diren tokiak, eta are gutxiago gaurdaino hain ondo gorde dituztenak», aurreratu dute Lizarrustiko Parketxetik. Aralarren aurkitutako giza aztarna zaharrenak eta hango cromlech bakanetako bat daude.
San Adrianen, lanean ikusiz
Aizkorri-Aratz parke naturalean, berriz, San Adriango leizean ere historiaurretik gaurdainoko lerroa osa liteke. Koba barruan indusketan ari dira orain, eta arkeologoak zuzenean lanean ikusteko aukera izango da. Haiek azalduko dituzte Erdi Aroko igarobidearen, kontrabandisten eta historiaurreko gizakien bizimoduaren frogak.
Bisita gidatuak
ONDARRE (ARALAR)
· Noiz. Larunbata, uztailak 25.
· Ordua. 09:00etan, Lizarrustitik.
· Gidaria. Jose Antonio Mujika.
· Norentzat. 12 urtetik gorakoak.
· Izena. 943 18 03 35, 688 895 069; lizarrusti@gipuzkoanatura.eus.
· Prezioa. 5 euro pertsonako.SAN ADRIAN (AIZKORRI)
· Noiz. Larunbata, uztailak 25.
· Ordua. 10:00etan, Aldaola parkinean.
· Zer. Indusketa egiten ikusi, arkeologoen azalpenak, historia.
· Norentzat. Adin guztietakoak.
· Izena. 943 80 21 87, 688 62 36 09; anduetza@gipuzkoanatura.eus.
· Prezioa. 5 euro pertsonako.