Bareak elkarteko 32 denda kalera irtengo dira bihar, beherapenekin
Merkealdi azoka egingo dute. Produktuak denda atarian eta Erauskin plazan jarriko dituzte. Ekintza osagarririk ez da egongo segurtasun neurriak bermatzeko eta maskara derrigorrezkoa da
Beasaingo Bareak merkatarien elkarteko 32 dendak udako beherapen azoka antolatu dute bihar, 10:00etatik 20:00etara. Produktuak denda atarietara aterako dituzte eta Erauskin Plazan azoka berezia egingo dute. Denboraldi honetako arropak eta osagarriak erosteko aukera egongo da, ohi baino merkeago.
Osasun irizpideak bermatzeko, aurten ez da animazio ekintzarik egongo. Esan gabe doa musukoa derrigorrezkoa dela eta segurtasun tarteak une oro mantendu behar direla. Halere, Bareak elkarteko kideek azpimarratu dute azoka segurua dela eta herritarrei gerturatzeko eta erosteko deia egin diete.
Itxialdiak gogor erasan die merkatariei. Lehendik ere egoera ez zen xamurra, eta hiru hilabeteko geldialdiak ez die mesede egin. Beasaingo Udalak merkatarien presio ekonomikoa arintzeko hainbat neurri hartu ditu, adibidez, eskaria egiten dutenak 2020. urteko bigarren seihilekoari dagozkion zabor tasak ordaintzetik salbuetsita egongo dira eta lokalaren IBIagatik ordaindutako zergaren %30a itzultzeko hobariak martxan jarri ditu udalak. Era berean, udalbatzak aho batez onartu zuen COVID-19aren krisiak eztanda egin aurretik alokairuaren eta lokalen salerosketen kostuaren zati bat bere gain hartzea.
Bonuak
Herriko dendetan kontsumitzea ezinbestekoa da hauen biziraupena bermatzeko. Salerosketa sustatzeko Beasaingo Udalak bonuak jaulki ditu. 50 euroko bonuak dira, eta udalak 20 euro hartuko ditu bere gain erosketa bakoitzeko.
Denera 15.000 bono kaleratuko dira, 7.500 txanda bakoitzean. Lehendabiziko tirada maiatzean atera zen eta bigarrena udatik bueltan kaleratuko dute, udazkenean.