CAFeko langileek Itxaso Zaldua askatzeko eskatu dute
Ordubeteko lanuztea eta elkarretaratzea egin dituzte, lankidearen atxiloketa salatzeko. Errepresioa ez dela bidea gogorarazi dute.
Beasaingo CAF enpresako batzordeak deituta, Itxaso Zaldua lankidearen atxiloketa salatzeko, ordubeteko lanuztea eta elkarretaratzea egin dituzte gaur. Atzo atxilotu zuten Zaldua, Hernanin, Beasaingo lantokira bidean zihoala. Auzitegi Nazionalak auzia sekretupean mantendu du, baina prentsan zabaldu denaren arabera 2001-eko hilketa batekin lotu dute atxiloketa. Hernaniarra CAFeko langilea da, zehazki, logistika sailekoa. Lehen ere 12 urte kartzelan pasatakoa da.
CAFeko Langile Batzordeak errepresioa ez dela bidea gogorarazi du, eta “berehala aska dezatela” eskatu dute. sindikatuen arabera, “euskal langileok bakerantz eta askatasunerantz aurrera egingo duen eszenatoki bat behar dugu, Euskal Herriaren erabakitzeko ahalmena errespetatuko duena”. Aro berri honetan, “horrelako operazioek gaindituta” egon behar luketela uste dute, eta ez dela “atxiloketetarako, poliziarako edo kartzelarako garaia”.