Maskaren merkatu berria
Ezinbesteko laguna da bihurtu da musukoa. Farmazietatik harago, gero eta toki gehiagotan saltzen dituzte gaur egun, askok, ukitu pertsonalizatuak emanez. Merkatu oso bat sortu da eta mota askotarikoak daude aukeran, gero eta gehiago.
Koronabirusaren krisiak aldaketa ugari ekarri ditu, besteak beste, herritarren bizi ohiturei dagokienean. Maskarak, gizartearen bizitzetan sartu dira, eta dirudienez, luzerako izango da. Kalean, herritar ia guztiek betetzen dute derrigortasuna, gaixotasuna eta kutsatzea ekiditeagatik ez bada, isuna saihesteagatik. Erakusleihoetan ere, kolore, forma, eta material desberdinetakoak aurki daitezke, modako azken tendentzia diren arropen ondoan. Merkatu oso zabala sortu da, eta oso nabaria da, eta desberdinatasunak, derrigortasunari puntu alai bat ere jartzen diote. Honen guztiaren bueltan, hain juxtu, merkatuan aurki daitezkeen maskara desberdinen inguruan, gehiago jakin nahi izan du GOIERRIKO HITZA-k.
Labores Otea, Beasaingo Oriamendi kalean dago, eta «maskarak egin eta egin» ari dira azken egunotan, hala kontatu du negozioaren arduraduna den Udete Justok. «Banan-banan, eskuz eginiko maskarak» saltzen dituzte bertan, «kotoizko oihala daramate eta homologatuta dagoen tratamendu berezi bat aplikatzen diote oihalari, hidrofugoa eta alergien kontrakoa izan dadin». COVID-19aren hedapena, «ekiditeko baliagarriak direla esan du Justok, «beharrezko zertifikazioa» dutela. Gainera, «berrerabilgarriak dira, 25 garbiketatik aurrera hasten dira propietateak galtzen».
Orain arte, beste zeregin batzuetan pasatzen zituen laneko orduak Labores Oteako arduradunak: «Garaian garaikoa, Gabonen aurretik eta festen aurretik adibidez, baserritar jantziak egiten ditut batez ere, ikastaroak ere ematen ditut, nahiz eta oraintxe zerbitzu hori etenda izan, eta urteko sasoi hau, bai, makalena izan ohi da».
Baina bezeroen artean «harrera oso ona» izaten ari diren produktuarekin asmatu du, eta «bezeroak gustura erabiltzen dituzte, hala esaten didate». Nabarmendu du, lehenesten duena «osasuna bermatzea» dela, eta hortik aurrera saiatzen dela «bezero bakoitzari egokitutako maskarak» egiten: «Tamaina eta kolore desberdinetakoak egiten ditut».
Koloreekin hasita, guztien artean beltza omen da gehien eskatzen dutena, baina badaude «alaiagoak ere, oso koloretsuak direnak eta marrazkiak dituztenak, gustuen araberakoa da».
Eskaeren artean, bitxikeriak izan daitezkeenak ere bai: «Enpresa batentzat maskarak egiten ari naiz, bezeroei oparitu nahi dizkiete». Badirudi, atzean geratu dela enpresaren logotipoa daraman boligrafoa edo metxeroa oparitzea.
Badira beste kasu berezi batzuk ere, hauek beharrak baldintzatutakoak: «Logopeda batzuentzat ahoa ikusten uzten duten maskarak egin ditut, ahoan transparenteak direnak».
Kontatu du, «geroz eta gehiago» direla «jostera animatu eta norberak bere etxean maskarak egiten dituztenak ere», eta horientzat ere badu aukera. «Material guztiak eros ditzakete».
Oihalezkoak izanda, berrerabilgarriak dira eta nola garbitu zalantzarik ez izateko, hainbat gomendio eman ditu: «Garbitzeko maiztasuna, erabilpenaren araberakoa da, eta garbigailuan edo eskuz garbitu daitezke, 60 gradu ingurutan».
Farmazietan ere aukerak
Labores Oteako arduraduna agurtu, eta Beasaingo Kale Nagusira, Odriozola farmaziara. Barruan, bezeroen esku-eskura jarri dituzte maskarak. Hiru motatakoak dituzte Igor Odriozola arduradunak esan duenez, «kirurgikoa, N95FFP2-a eta higienikoa».
Hiruen artean desberdintasunak daude. «Kirurgikoak, aurrean dugun pertsona babesten du». Nabarmendu du, «4-8 orduko erabilpena» dutela, eta «ondoren bota» egin behar direla. Prezioari dagokionez, «0,96 eurotan saltzen dira, legeak ezarritakoa».
Maskara sanitarioek, «gehiago babesten» dute, «filtroa itxiagoa» dutelako, eta kirurgikoaren aldean, denbora gehiagorako balio du, «gehienez, 5 -7 egun erabiltzea gomendatzen da, beti ere, zenbat erabili den kontutan hartuta». Kontua da, «ahotik bakteriak eta germenak botatzen ditugula, eta hori, maskaran geratzen dela, horregatik, arazoak sor daitezke, azalekoak, besteak beste». Horrelakorik ez gertatzeko, «maskarak garbi egotea oso garrantzitsua» da. Berrerabilgarrien artean, higienikoak daude baita ere. «Geroz eta gehiago eskatzen dituzte bezeroek, baina kontutan izan behar dute, hiruen artean babes gutxien eskaintzen dutenak direla». Berrerabiltzeko direnak, «garbigailuan sar daitezke, eta 40-60 gradutan, ondo garbitzen dira». Bestalde, garbi utzi nahi izan du, ez dela batere gomendagarria maskara horiek lixatzea, «propietateak gal ditzakeelako».
Nola jantzi eta erantzi, horretan ere azpimarra egin du. «Ahoa babesten duen aldeak ez du garbi ez dagoen azalera batean utzi behar, eta jartzeko eta kentzeko, hatzekin gomatxoak eustea da egokiena». Bukatzeko, errepikatu du, maskara erabiltzea, derrigorrezkoa izateaz gain «behar-beharrezkoa» dela, «sintomarik ez dutenen kasuak gora ari dira, eta birusaren hedapena saihesten lagunduko» duela.