Aldundiak dio "Itsasoko herritarren alde" lanean jarraituko duela eta "edozein aukera berri" aztertuko duela
Foru Aldundiak azaldu du bere esku dagoen guztia egin duela Itsaso herri bilakatzeko, eta "bereizketa prozesua eredugarria" izan zela.
Auzitegi Gorenak Ezkio eta Itsaso herriak bereiztearen aurkako ebazpena eman du gaur. Horren aurrean, Gipuzkoako Foru Aldundiak azaldu du hasieratik “Itsasoko biztanleen borondateari” bidea eman nahi izan diola, eta haien esku dagoen guztia egin dutela “Itsaso Gipuzkoako 89. udalerria” izan zedin. Eider Mendoza foru bozeramailearen arabera “azken muturrera arte joan gara, eta posible ziren bide guztiak arakatu, probatu eta amaiera arte” eraman dituzte.
Aldundiaren arabera, Itsasok udalerri independiente bezala funtzionatu du, 2017ko urtarrilean Ezkiotik banandu zenetik. Mendozaren arabera, “politikak herritarren borondatea gauzatzeko erreminta” izan behar du, eta “Aldundia eskema horretan egon da eta egoten jarraitzen du”. Aurrerantzean ere, itsasoarren alde lanean jarraitzeko konpromisoa azaldu du, eta “etorkizunean ireki daitekeen edozein ate edo aukera” aztertzeko prest agertu da.
Aldundiak gogorarazi du Frankismoak erabaki zuela bi udalerriak fusionatzea 1964. urtean, eta orduan kendu zitzaion kondizioa berreskuratzea ekarri zuela 2017ko banaketak. “Bereizketa prozesua modu eredugarrian egin zen, kontu honek eragiten zion erakunde eta elkarte guztien arteko elkarlana, elkarrekiko errespetua eta sukaldeko lana oinarri izan zituelarik, eta baita ezkiotarren ulermen eta zintzotasunarekin ere”. Estatuko Administrazio Orokorra, ordea, prozesu horren aurka agertu zen, eta “azkenean epaitegien bidez” lortu du Itsaso udalerri bihurtzeko prozesua geldiaraztea.