Ezohiko udan, baretasun gunea
Lazkaoko kanpoko igerilekuetan erabiltzaile gutxiago dabil. Hiru ordutegi-txanda, egoteko esparruak eta aurretiko hitzordua jarri dituzte. Masifikazioak ekidin dira.
Uztailean egiten ari den eguraldi eguzkitsuak eta beroak uretarako gonbita egiten du. Lazkaon aukera badago aurten ere, Barandiaran Kiroldegiko kanpoko igerilekuak zabalik baitira uztailaren lehenaz geroztik. COVID-19 koronabirusaren izurrite arriskuak, ordea, neurri murriztaileak harrarazi ditu han ere.
Oro har, beste urteetan baino jende gutxiago joan dela nabaritu dute arduradunek. Joan denean ere, edukieraren mugara iritsi gabe. Birusaren zabalkundea eragozteko neurriek funtzionatu dute, beraz. Bainulari pilaketarik eta masifikaziorik ez baitago aurtengo udan.
Igerilekura joan direnek ere lasaitasun handiagoa sumatu dute. Hamakarik ez egotea, horixe eragozpen bat. Aldagelak ere itxita daude –komunak zabalik–, baita kafe, izozki eta goxoki makinak ere.
«Eguraldi ona egin duenetan jendea dezente etorri da. Azkeneko txandan, beste orduak lasaiago egoten baitira. 300 laguneko edukiera dauka, eta ez da bete», azaldu du Lazkaoko Udaleko Kirol teknikari Jokin Izagirrek.
Igerilekuan bertan, sorosleek ere «aurten orokorrean jende gutxiago» joaten dela nabarmendu dute. «Gaztetxo kuadrillak ere gutxiago etorri dira; noski, goiko zelaian baloiarekin edo jolasean ezin dute ibili», dio Ander Garmendia sorosle zaldibiarrak.
Aurrez hitzordua hartuta
Jende pilaketak saihesteko, Internet bidez ordua har liteke aurten. Hiru ordutegi daude aukeran: 11:00-13:30, 14:30-17:00 eta 18:00-20:30. Tarteetan desinfekzio eta garbitasun lanak egiten dituzte. Eguneko sarrera erosita ere inoiz baino jende gehiago sartzen da, askok denboraldiko bazkidetza ez baitute atera. Ilarak sortzen dira kanpoaldean.
Arrakasta handiena azkeneko txandak dauka: «Seietako txandan etortzen da jende gehien, zazpiak aldera bitartean. Aste edo asteburu, berdintsu ari da izaten aurten», dio Garmendiak.
Harrera-gunean gel-arekin eskuak garbitu, eta gora iristean tenperatura hartzen diete denei. Ez da ezustekorik izan, nahiz eta batzuk berotuta iristen diren eskailera luzeak igota; izan ere, igogailua ez erabiltzeko eskatu dute, beharrezko ez bada, toki komun ahalik gutxien ukitzeko.
Egunean, printzipioz, txanda bakarrera joan liteke bakoitza. Baina gehienezko edukiera betetzen ez denez, aukera badago gehiagotara ere joateko, «betetzen ez den neurrian», teknikariak argitu duenez.
Neurriei kasu egiten zaie
Igerilekuak 300 laguneko edukiera baldin badu –6.000 metro koadroko saila du inguruan–, igerileku handian gehienez 60 lagun ibil daitezke, aldi berean. Eta hor bai, itxi behar izaten dute sarbidea. Hogei minutuko bainualdiak mugatzen dituzte halakoetan; igerileku guztia jendez hustu, eta ilaran zain daudenak sartzen dira.
Belardian egoteko ere partzelak markatu dituzte, pertsonako lau metro koadroko esparrua. Familia berekoak elkarrekin egon daitezke. Neurri horiek betetzeko arazorik ez dela izan azaldu dute sorosleek. «Jendeari zerbait esanez gero, konturatu gabe ezin den lekuan edo zerbaitetan dagoelako, beti kasu egin dute. Alde horretatik, jendeak barneratuta dauzka arauak, eta arazorik gabe betetzen ditu. Uda ondo doa orain arte», dio sorosleak.
Zenbaitetan, arazoa ilaretan sumatu dute. «Sartzeko zain dauden unean edo igerileku handira sartzeko daudenean, ilarak sortzen dira, eta hor neurri gehiago hartu behar izan ditugu distantzia manten dadin, lurrean arrastoak markatuta», dio teknikariak.
Jende murrizketa, bestetik, kanpotarrengan bezala herritarrengan ere nabaritu dute. Berez, Lazkaoko kanpoko igerilekuen denboraldia irailaren 6ra arte dago jarrita. Baina luzatzeko modua eta aukera badago, baldin eta eguraldiak laguntzen badu. Eta birusa aldenduta mantentzen bada.
Hamar urte bete dituzte kanpoko igerilekuek
Ezohiko egoeran eta behar bezala gozatzeko baldintza egokienetan ez, baina Lazkaoko Barandiaran Kiroldegiko kanpoko igerilekuek lehen hamarkada bete dute. 2010eko ekainaren 11n ireki zituzten lehenengo aldiz. Herritarrek instalazio berriak ikusteko aukera izan zuten, bai ur putzuak (314 eta 60 metro koadrokoak), bai inguruko belardiak –adinekoek ariketak egiteko gailuak ere han jarri ziren hasieran– eta aldagelak behatzeko.
Energia sorkuntzako bitartekoekin eraiki zuten aldagelen eraikina, eguzki plakekin hornitua. Bi igerilekuetako baldosak, berriz, herrian bertan ekoitziak ziren, Ezarri etxean.
Lanak 2009ko udaberrian hasi zituen udalak, 919.000 euroko aurrekontuarekin.