Gipuzkoako Ostalaritza Elkarteak sentsibilizazio kanpaina egingo du astelehenean Ordizian
Ostalaritza sektorera bideratutako kanpaina bat da, COVID-19ak eragindako pandemia eteteko neurri egokiak sustatzeko helburuarekin. Kanpainak Eusko Jaurlaritzako Turismo eta Ostalaritza zuzendaritzak eta Euskadiko hiru lurraldeetako ostalaritza elkarteek urtero sinatutako elkarlanerako hitzarmena du abiapuntu, eta Gipuzkoan Gipuzkoako Ostalaritza Elkarteak gidatuko du.
Dinamizatzaile talde batek Ordizia bisitatuko du uztailaren 27an. Bisitaren helburua “herritarrak eta ostalaritza sektorea sentsibilizatzea da COVID-19ak eragindako pandemia eteteko hartu behar ditugun neurri higieniko-sanitarioak modu egokian betetzeko”. Eusko Jaurlaritzako Turismo eta Ostalaritza zuzendaritzak eta Euskadiko hiru lurraldeetako ostalaritza elkarteek urtero sinatutako elkarlanerako hitzarmena du abiapuntu kanpainak, eta Gipuzkoan Gipuzkoako Ostalaritza Elkarteak gidatuko du.
Ordiziako erdigunea bisitatuko dute, jende pilaketa gehien jasotzen duen udalerriko gunea. Zortzi lagun ariko dira eguerdiko 12:00etatik 14:00etara; denbora tarte horretan herritarrak, ostalariak eta hauen bezeroak informatzea izango dute xede, indarrean dagoen osasun araudia behar bezala betetzeko. “Batez ere, musukoaren erabileran -ostalaritza eremuko kontsumo garaian, eta baita eremutik kanpo ere-; distantzia soziala bermatzeko irizpideetan; eskuetako garbitasunean; edota talde-kopuruan, hamarreko muga ez gainditzeko, jarriko du fokua”. Era berean, herritarren artean musukoak banatuko dituztela aurreratu dute.
Batez ere, gazteei zuzendua
Kanpaina adin tarte guztietara zabaldu nahi bada ere, “gazteengana iristeko ahalegin berezia” egingo dela iragarri dute, “momentu honetan COVID-19aren zabalkundea geldiarazteko kolektibo hori delako sentsibilizazio eta pedagogia lan gehien eskatzen duena”.
Sentsibilizazio kanpainaren bitartez, “hiru lurraldeetako ostalaritza elkarteek bere hondar alea jarri nahi dute pandemia indargabetzeko, eta bide batez, ostalaritza eremu segurua dela aldarrikatzeko. Konfinamenduak iraun duten bitartean, eta ondorengo deseskalatze fasean, Euskadiko ostalaritza sektoreko ordezkarien eta Eusko Jaurlaritzako arduradunen arteko hartu-emana etengabea eta emankorra izan da. Eskuartean daukagun kanpaina elkarlanaren adibide bat baino ez da, Euskadiko ostalaritza guneak zabaltzeko erabakia bezala -tokian tokiko berragertzeen ondorioz salbuespen eta neurri bereziak hartu behar izan badira ere-. Zentzu honetan, ostalaritza sektoretik instituzioetako ordezkariek pandemiaren aurka egiten ari diren lana azpimarratu nahi izan dute, eta egiten ari diren lana txalotu”.