«Lehengoaren berri ez duen herriak ezer gutxi egin dezake»
Astelehenean ez da Beasainen 1936ko gerran eraildakoen omenezko ekitaldirik egongo. Andoni Sarriegik (Beasain, 1946) oroigarrira gerturatzeko deia egin du, «garrantzitsua» dela uste duelako.
Beasainen 1936ko gerran fusilatutakoak eta eraildakoak oroitzeko ekitaldirik ez da izango.
Oroimena berreskuratzeko lehen ekitaldiak 2006an egin ziren, eta 2012az geroztik urtero egin dugu oroitzapen ekitaldia. Egoera ikusita aurten ezer ez egitea erabaki dugu. Jende asko eta toki desberdinetakoak elkartzen gara, eta egokiena ezer ez egitea zela argi ikusi genuen.
Edonola ere, bakarka, nahi duenari oroigarrira gerturatzeko deia egin duzue.
Ekitaldi publikorik ez da egongo baina nahi duen oro libre da zerbait egiteko: loreak utzi, Ikurriña jarri… Garrantzitsua dela uste dut, jazotakoa gogoratzeko.
1936ko uztailaren 27an, zehazki, zer gertatu zen Beasainen?
Beasain oroimen historikoa lau ataleko liburuan dago jasoa historia osoa.Bertan kontatzen da militar frankistak 27 arratsaldean sartu ziren herrian, oso gogor sartu ere: CAF bereganatzeko lehia gogorra egon zen eta gizartearen gehiengoa ezkertiarra zen, eta lezioa eman nahi zieten inguruko herriei.
35 fusilatu egon ziren.
Denak 27 iluntzean eta 28 goizaldean erailak. Eta horiek seguru dakizkigunak dira. Borrokan jende gehiago hil zen, hori ziur.
Zergatik beraiek?
Zibilak ziren, baina bazituzten susmo ideologikoak edo norbaiten mesedetan jardun zutela.
Non akabatu zituzten?
Bi leku aipatu behar dira nagusiki: orain oroigarria dagoen lekuan garai hartan etxe bat zegoen. Hura okupatu egin zuten eta preso hartutakoak sotoan giltzaperatu zituzten. Han inguruan erail zituzten batzuk. Besteak garai hartako hilerrian hil zituzten, orain Jose Migel Barandiaran plaza dagoen lekuan.
Gorpuak agertu dira?
Arrastorik ere ez dago. Susmoak badaude Jose Migel Barandiaran plazaren inguruan egon behar dutela, beharbada hilerritik kanpo, baina kanposantua mugitzerakoan ez zen gorpurik edo hobirik agertu. Gainera, Beasaindik Erorien Haranera nortzuk eraman zituzten ez dago argi eta, baliteke, orduan gorpuak desagerrarazi izana.
Frankismoak nolako eragina izan zuen Beasainen?
Debekuak, isunak, zigorrak… Diktadura oso gogorra izan zen. 1942ra arte beste 16 pertsona erail zituzten herrian, eta 300 baino gehiago atxilotu zituzten, salatu, jazartu…
Eta Errepublika garaia? Nolakoa zen 1936ko gerraren aurreko testuingurua?
Beasaingo Udala ez zen abertzalea, errepublikano sozialista baizik. Asturiasko iraultzaren ondoren, gobernadoreak alkate demokratiko guztiak kendu egin zituen. Oso garai nahasiak ziren, eta mugimendu politiko eta sindikalista handia zegoen.
Nola bildu duzue informazio guzti hau?
1990. hamarkadan egin balitz lan guzti hau lehen mailako lekukoak jasotzeko aukera izango genuen. Baina 30 urtetik gorako atzerapenarekin goaz. Nahiz eta bakarren bat harrapatu, zuzeneko belaunaldi hori galdu egin dugu. Informazio gehiena bigarren mailako testigantzen bidez jaso dugu, seme-alaba edo biloben partetik. Oroitzapenen galera beti handiagoa da hala, xehetasunak ahaztu egiten dira.
Garrantzitsua da gertatutako ezagutzea eta oroitzea?
Azken urteetan batez ere, gure belaunaldiak baina ikasiagoak izan arren, gaurko egunari begira bizitzeko joera ikaragarria sumatzen dut. Gaua pasatakoan aurreko egunekoa ahaztu egin nahi dugu. Lehengoaren berri ez duen herriak ezer gutxi egin dezake. Atzeak erakusten du aurrea nola dantzatu, eta lehen zer, nola eta zergatik pasa den arrastorik ez badugu galduta gaude.
Gazteek jazotakoa ezagutzen dute?
Ezkutuan mantendu nahi izan den historia da, eta ez zegoen ezagutzeko aukera askorik. Lan honekin aukera ireki da, baina ez dakit liburuak irakurtzeko grin askorik dagoen.
Eskoletan historia noraino irakasten da? Oso partzialki ikasten da, jarraikortasun askorik gabe. Denak lotura bat du, gauzak ez dira bat-batean sortzen. Eta oraingo sistema erregimen za