«Elkarteak antolaketarako duen gaitasunagatik etortzen dira asko»
Usakume tiraketa antolatu ohi dute Azari elkarteko kideek uztailaren 31n, San Inazio egunean, Ordizian. Aurten ez dute tiraketarik egingo. Manuel Iturriotz elkarteko presidenteak ekimenaren nondik norakoak eta aurtengo asmoak azaldu ditu.
San Inazio eguneko usakume tiraketarik ez da egingo aurten osasun egoeragatik.
Hala da. Erabaki oso zaila izan da. Guk egin nahi genuen eta egiteko asmoa genuen, baina beti egon gara egoeraren zain, unean uneko erabakien zain. Dena bezala hau ere pandemiaren araberakoa izan da. Azken finean, ez da guk erabaki dezakegun zerbait. Tiraketak antolatzen dituzten gainontzeko elkarteek egin dutena ere jarraitu dugu eta momentuko egoerari erreparatuta hartu dugu bertan behera uzteko erabakia.
Beste elkarteek ere garai honetan egiten dituzte tiraketak?
Denboraldi osoan egiten ditugu. Udaberrian hasi eta iraila inguruan bukatzen da. Federazioak hartutako irizpideak ere jarraitu ditugu uztailaren 31ko tiraketa bertan behera uzterakoan. Neurri eta jarraibide batzuk ezarri zituzten, baina oso zorrotzak eta betetzeko zailak ziren.
Azari elkarteak antolatzen du. Noiztik egiten duzue?
60 urtetik gora darama Azari elkarteak tiraketa antolatzen San Inazio egunean. Duela 60 urte Altamiran egiten genuen, orain eraikinak dauden lekuan. Gero Oiangun egiten hasi ginen eta erromeria ere egoten zen. San Inazio eguneko erromeria orduan Ordiziako festetako kartelean zegoen. Hainbat ekintza gehiago egiten ziren, baina urteekin desagertzen joan dira herriko elkarteek ezin zituztelako aurrera eraman azkenean.
Zuek ordea usakume tiraketarekin jarraitu zenuten. Gaur egun ez da Oiangun izaten.
Azarik printzipioz ekintza guztiak egutegiaren arabera egiten zituen: usakume tiraketak, ahate tiraketak eta erakustaldiko txakurrak izaten ziren.
Herriko jende ugari inguratu ohi zen Oiangura. Festa bat zen, erromeria. Baina Oianguk orain beste orientazio bat dauka, beste asmo batzuk daude. Gu nolabait baztertu gintuzten eta ez dugu besterik Lazkaora ospatzera joatea baino. Lazkaorenak diren lurretan egiten da orain.
Usakume tiraketa bakarrik egiten al duzue orain?
Aukera hori bakarrik daukagu. Urtean behin, eta tradizioarekin jarraitzeko uztailaren 31n da Itxurreneko zelaietan. Ohiturek aldaketak izaten dituzte.
Txapelketa bat da? Zer jasotzen du irabazleak?
Lehenik eta behin, eta batik bat, txapelketaren irabazlea izatea da sari nagusia. Halere, badago beste sari garrantzitsu bat: tiratzaile bakoitzak parte hartzeko jartzen duenaren ehuneko zati bat irabazten du txapeldunak. Tiratzaile ugari izaten direnez, saria nahiko handia da.
Dena den, azkenean finalera iristen diren tiratzaile gehienek tiraketa amaitu baino lehen banatzen dute haien artean jarritakoa tiraden zenbatekoa ezarrita.
Ordiziako usakume tiraketa irabaztea da garrantzitsuena, Ordiziakoa Euskadi mailako ospetsuenetarikoa da eta. Goierritik ez ezik, Euskal Herriko beste leku batzuetatik ere etortzen baitira tiratzaileak.
Lan handia al da horrelako ekintza bat antolatzea?
Azari elkarteak hartzen ditu bere gain azkenean arrisku guztiak. Sari ekonomikoa esan bezala handia da, eta tiratzailerik aurkeztuko ez balitz galera handiak izango genituzke. Noizbait izan dugu halakorik, eguraldiagatik edo beste tiratzaile gutxi izan eta larri-larri ibili izan gara.
Elkarteak antolaketarako duen gaitasunagatik etortzen dira tiratzaile asko, tiraketan daukagun zorroztasunagatik. Sektorearen errespetua daukagu eta etortzen denak badaki aurreko urteko berdina aurkituko duela. Baina arriskua hor dago eta aurten ezinezkoa da.
Datorren ehiza denboraldiari begira, COVID-19a dela eta neurririk ezarri al dute?
Ez, eta niretzat ilogikoa litzateke. Naturarekin harremanetan zaudela egiten den ekintza da. Naturarekin lotutako ekintzak dira hain justu gizartearentzat arrisku gutxien izan dezaketenak. Gainera normalean ehiza bakarrik egiten da. Jendea mendira joaten da naturaz gozatzera eta, beraz, ilogikoa litzateke inongo murrizketarik ezartzea.
Orain ekintza sozialetan ezarri dituzten neurri horiek ekintza indibidualetan aplikatzea ez da zentzuzkoa. Nik uste gure kudeatzaileek ondo desberdinduko dituztela naturan bakarrik egiten den ekintza bat eta osasunaren aurkako arriskua izan daitekeen beste bat.