Oporrak, lanerako garaia
Goierriko gazte askok udako oporrak lan egiteko aprobetxatzen dituzte. Jimenez eta Ruiz dira horietako bi. Gustura daude biak: dirua irabazten dute eta eurentzako denbora dute
Oporrek askotarako denbora eskaintzen dute. Baita lanerako ere. Goierriko gazte askok aukeratzen dute udan lan egitea eta, hala, diru apur bat lortzea. Maider Jimenez eta Ander Ruiz dira lanean dabiltzan gazteetako bi: lehena Legazpiko Xarpot tabernan zerbitzari dabil, eta bigarrena Segurako igerilekuko kantinan. Bata zein bestea gustura daude hartutako erabakiarekin.
«Argi nuen udan lan egin nahi nuela eta gurasoei aipatu nien. Xarpot tabernako arduradunekin harreman estua dute, eta hala hasi nintzen», gogoratu du legazpiarrak. Ruizek, berriz, urte osoan Zerkin egiten du lan, Segurako igerilekuko kudeaketaz arduratzen den enpresan. «2018an Gizarte eta kirol animazioaren irakaskuntzako goi mailako zikloa ikasi nuen eta hala hasi nintzen Zerkin. Ikasturtean zehar eskola kiroleko entrenatzaile lanetan ibiltzen naiz eta orain, udan, lan egiten jarraitu nahi nuen», aipatu du. «Udalekuetako begirale zen aukeretako bat, baina nahiago nuen igerilekuko lana. Iaz sorosle izan nintzen, eta aurten barran nago», osatu du.
Uztail hasieratik dabiltza. «Selektibitatea baino astebete lehenago hasi nintzen lanean, eta eskertu egin nuen. Ikasketetatik burua ateratzeko balio izan dit», aitortu du Jimenezek. Aitortu du, ordea, estres uneak ere bizitzen direla eta lanak nekatu egiten duela. «Momentuak egoten dira. Tarte batzuetan oso lasai egoten da eta, bat-batean, denak batera etortzen dira eskatzera», zehaztu du Ruizek Seguratik.
Igerilekuan, esaterako, eguraldiaren eragina oso handia da: «Bero egiten duen egunetan bete egiten da eta lan asko izaten dugu. Eguraldi txarra egiten duenean…». Segurako eta inguruko herrietako adin guztietako jendea joaten da. «Ez dakit beste urteetan baino jende gehiago edo gutxiago etortzen den, baina ez dut beldur askorik sumatzen. Denak etortzen dira maskararekin, distantziak errespetatzen dira eta ez dugu edukiera arazorik izan». Jimenezek ohi baino jende gehiago sumatzen du Legazpin: «Uztailean baino, abuztuan nabaritzen da gehien bat jendea joan egiten dela. Aurten asko bertan geldituko dira, eta guk lan gehiago izango dugu».
Aurrezki poltsa puztuta
Osasun larrialdiak aurretik eraman ditu herrietako jaiak, eta lanean irabazitako dirua festetan gastatzeko tentaziorik ez dago. Jimenezek gidabaimena ateratzeko klaseak ordainduko ditu irabazitakoarekin, eta Ruizek gorde egingo du.
Lanean egon arren udaz gozatzeko aukera badute. Ruiz, adibidez, astebete atzerrira joan zen lagunekin. «Atsedena ere behar da. Ikasturtea amaitu eta zuzenean lanean hastean ez dago indarrak hartzeko tarterik. Eta irailean, lana amaitutakoan, berriz ere klaseekin hasiko gara». Jimenezek asteburuetan egiten du lan eta aste barruan hartzen du atseden. «Lagunak landetxe batera joan dira eta inbidia apur bat eman zidaten. Baina beraiek ere esaten didate nik ematen diedala inbidia nire dirua lortzen ari naizelako». Hemezortzi urte ditu eta lehen soldata du. «Gurasoei beti eskean ibili beharrean diru dirua irabazi nahi nuen eta nik kudeatu». Etorkizunean lana eta ikasketak uztartzea ez du baztertzen.
Gipuzkoako langabezia tasa %7,23ra igo da
Gipuzkoan langabezia tasa %7,23an dago Espainiako estatistika institutuak atzo jakinarazitako datuen arabera. 2020ko lehen hiruhilekoarekin alderatuta hiru hamarren hazi da langabezia, eta duela urtebete baino hamarren bat gehiago. Euskal Herriko datuak ere ez dira onak, Gaindegiak emandako datuen arabera langabezia tasa %0,89 hazi baita. %9,23an dago une hauetan. Europar Batasuneko bataz bestekoa baino handiagoa da kopuru hori. Lanbideko datuen arabera ekainean –uztaileko daturik oraindik ez dago–Goierrin 3.513 lagun dabiltza lan bila.