San Bartolome ermitaren inguruan indusketa lanak hasi dituzte
Astearen hasieran hasi dituzte lanak, Josu Etxezarragak gidatuta, eta arkeologo profesionalen, Gure Iraganako kideen eta Osbele Elkartekoen laguntzarekin
2012. urtetik eta udalaren laguntzaz hainbat ekimen egin dira Ordizian arkeologiaren eta historiaren ikuspegitik herriaren historia berretsi edo ezeztatzeko. Ordiziako San Bartolome ermita esaterako, Villafrancako hiribildua sortu aurrekoa dela esaten dute ahots askok. Hori hala den jakiteko, ikerketa zabala egin dute, eta orain arte bildutako informazioak, bide horretan hainbat pista argitu ditu, baina baita ikerketan sakontzen jarraitzeko beste hainbat hipotesi sortu ere.
Gaur gaurkoz ezagun den baselizaren aurretik gutxienez beste hiru izan zirela erakutsi du Ander Arrese eta Josu Etxezarraga arkeologo eta historialarien eta Ordiziako Gure Iragana taldekoen lanak. 2018. urtean egin zuten indusketa lanak ondorioztatu zuen hori. Baina esan bezala, bide berriak ere ireki zituen. 2019. urteko apirilaren 5ean argitaratu zen Goierriko Hitzan, Gure Iraganako Nerea Iraolaren adierazpenak jaso ziren. Hunkituta zegoen. San Bartolomen hiru eliza izan zirela baieztatu, eta laugarren baten bila ere jarri zituelako ikerketak. Indusketa lanek, giza hezur batzuk azaleratu zituen: «1117-1222 urteen artean hildako gizon edo emakume baten hezurrak dira». Horren arabera, tenplu zaharrenaren aurretik «beste tenplu bat izan zela pentsatzen dugu».
Karbonoaren probak hala baieztatuta, hipotesi berriak sortu eta orain, haiek baieztatzeko lanari ekin diote. Aste honetan bertan, indusketa lanak hasi dituzte San Bartolomeko inguruetan, udalak sustatua eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren ondare-zerbitzuaren laguntzarekin. Erdi Aroan zehar bata-bestearen ondoren eraiki ziren tenplu haien hurrenkera hobe ezagutu eta haien ezaugarri arkitektonikoak eta erlijiosoak ezagutze aldera. Bide batez, jasoko diren material arkeologikoen eta balizko ehorzketen bidez Erdi Aroko ordiziarren bizimodua berreraikitzeko aurrera pauso sendoa emango da. Eremu zabalean (7 x 6 m2 inguru) induskatuko da aztarnategia. San Bartolome ermitaren lagunak diren Osbele elkarteko kideak ere, laguntzen ari dira egunotan eta «oso pozik» agertu dira.