Zarata bidezko animalia uxatxaileak erregulatuko ditu Ataunek araudi batekin
Nekazaritzako eta basogintzako lanetan erabili ohi diren soinu gailuak arautuko ditu. Kutsadura akustikoa prebenitzea da ordenantzaren helburua. Hasierako onespena eman dio udalak
Martxotik maiatzera bitarteko konfinamendu garaian, batik bat, nabarmena izan zen Ataunen animaliak uxatzeko erabiltzen diren soinu-gailuen zarata. Gasak eraginda, eta tenporizagailu batekin jarrita, su-armen tankerako tiro hotsa ateratzen dute. Animaliak eta basapiztiak uxatzeko erabiltzen dituzte nekazaritzan eta basogintzan. Ataunen, baso landarea sartuta daukaten jabeek jarri zituzten, eta herritarren aldetik hainbat kexa jaso zituen udalak.
Orain, nekazaritzako edo basogintzako lanetan soinu-gailuak erabiltzegatik kutsadura akustikoa prebenitzeko ordenantza orokorra landu du udalak, eta hasierako onespena eman dio udalbatzak.
«Gau eta egun tiroka aritzen ziren soinu-gailuak, eta jendea kexatu da. Gailu horiek jarri zituztenekin hitz egin genuen; batek urrutiratu zuen. Oraindik ere entzuten dira zaratak, ez lehen bezainbesteraino. Bide bakarra ordenantza ateratzea izango zela ikusi genuen. Badaude, Nafarroa eta Errioxa aldean», azaldu du Martin Aramendi alkateak. Basapiztia harrapaketak ere antolatu ditu aldundiak.
Araudiak bi gailuri egingo die erreferentzia: txorimalo akustiko automatikoak, detonazio edo leherketa handi baten bidez animalia basatiak izutzekoak; eta uxatzaile digitala, hegazti harraparien kantua anplifikatzen dutenak.
Maiztasuna araututa
Ataungo udalerriaren mugape guztian izango du eragina araudi berriak. Non kokatu ahalko diren ere zehaztu du: txorimalo akustikoak, edozein etxebizitzatatik gutxienez 250 metrora; eta uxagailu digitalak 100 metrora. Gailuen soinu-norabidea, gainera, etxeen aldera jartzea saihestu beharko da.
Tiroaren maiztasuna 15 minutuan behinera mugatzen da txorimalo akustikoen kasuan, eta 10 minutura besteeak. 2,5 hektareako bakarra jarri ahalko da. Bestetik, gauez ezingo du tirorik edo efektu sonikorik atera; «eguneko ordutegira mugatuko da», dio ordenantzaren lehen onarpen testuak, 08:00etatik 22:00etara.
Aldizkarian argitaratu ostean, helegite aldia irekiko da aurki.