Bilore eraisteko lanei bide eman diete udalak eta ur zerbitzuek
2018an jabez aldatu zenetik, lantegi barruko hondakinak ateratzen aritu dira. Enpresak eraiste proiektu berria aurkeztu du, udalak egindako eskakizunak eta Eusko Jaurlaritzaren oniritzia jasota. Uraren Euskal Agentziak ikusgai jarri du proiektua eta hiru asteko epea dago erreklamazioak egiteko.
Duela 17 urte itxi zutenetik, Bilore lantegiaren egoerak okerrera egin du, urtez urte. Zaldibiako herri sarreran dagoen eraikinaren egoera, gero eta okerragoa da, eta azken urteetan, hari irtenbide bat eman nahian ari dira Zaldibiako Udala eta beste zenbait erakunde. 2018an enkante publikora atera zen lantegiaren orubea, eta Mugertza enpresak erosi zuen. Geroztik, lantegi barruko hondakinak ateratzen aritu dira.
Zaldibiako Udalak 2019an onartu zuen HAPO Hirigintza Antolamenduko Plan Orokorrean, eremu mixto bezala izendatu zuten orubea, industria garbirako eremu bat, eta hainbat etxebizitza egiteko aukera aurreikusita. Hori egin ahal izateko, ordea, eraikina eraitsi behar da aurrena. Iazko maiatzean, lehen Eraispen Proiektua aurkeztu zuten orubearen jabeek, baina udal teknikariek egindako txostenaren arabera, dokumentazio gehigarria behar zuen, baimen guztiak jaso ahal izateko. Duela hamar egun, Eraispen Proiektuaren Gehigarria izeneko txostena aurkeztu dute, udalaren eskaerei erantzunez eta Eusko Jaurlaritzaren oniritzi txosten batekin batera.
Eraiste proiektuak jasotzen duenaren arabera, Bilore lantegiaren orubean dauden azpiestazio elektrikoa, ura tratatzeko eraikina, biltegi automatizatua, lehengaien tankeak, bi solairuko erakinak, laborategien eta bulegoen eraikinak, erorketak dituen ordunea, 8 solairuko eraikina eta 5 solairukoa botako dituzte.
Udal teknikarien eskaerak
Udal teknikariek aldeko iritzia eman diote azken dokumentu horri, baina, herritarren segurtasuna bermatze aldera, hainbat zehaztapen gehitu dizkio. Hala, herritarrak pasatzen diren eremuetan itxitura finko bat jartzeko eskatu diote enpresari, Estruktura metaliko handiak mugitu edo eraisterakoan, udalari eta inguruko bizilagunei garaiz abixatu beharko zaie, leiho eta ateak itxi, edo une jakinen batean, beharrezkoa izango balitz, etxetik ateratzeko. Lantegi ondoko espaloia itxitura batekin moztu, eta aurrez oinezkoen pasabidea jartzea ere komenigarri jo dute, baita eraisteko garaian, zaintzaile bat jartzea ere.
Uraren Euskal Agentziaren baimena
Hori guztia zehaztuta, eraiste lanak hasteko, Uraren Euskal Agentziaren baimena besterik ez zen falta. Gipuzkoako Aldizkari Ofizialak astearte honetan argitaratu du proiektua, eta biharamunetik, 23 egun balioduneko epean izango da herritarren aurrean ikusgai. Obra horiek kalteak eragiten dizkietela uste dutenek, epe horren barruan aurkeztu beharko dituzte dagozkion erreklamazioak Uraren Euskal Agentzian.
Herritarrei, pazientzia
Zaldibiako Udalak azaldu du jakitun direla “ikusgarria bezain gogaikarria” izango dela eraiste prozesua. Hori dela eta, “pazientzia” eskatu diete herritarrei, baita “ezarriko diren segurtasun neurriak” betetzeko ere, “ikusminak ez dezan istripurik eragin”. Datozen hilabeteetan, “eraispen prozesua ondo joatea” izango da helburu nagusia. Behin hori bukatuta, gune horretako plan partziala lantzeari ekingo diote, eta hor, herriak zer esanik izango duela aurreratu dute.