Emakumeen Euskadiko eta Gipuzkoako txirrindulari txapelketak Seguran dira
Maila guztietako txirrindulariak lehiatuko dira, bi karreratan, igande goizean. Partaidetza oparoa espero du antolakuntzak, proba eskasiagatik. Osasun segurtasun neurriak zehaztu dituzte. Legazpiko Santikutz proba ez da irailean ere jokatuko.
Euskadi mailako kirol lehiaketa handietako bat Seguran antolatu dute, iganderako. Emakumeen txirrindularitza txapelketak jokatuko dira, kategoria guztietan. Euskadikoaz gain, Gipuzkoako txapelketak ere badira. Seguran emakumezkoen kategorian egingo den lehenbiziko proba esanguratsua da; duela bi urteko kadeteen proba bat antolatu zuen Segurako Txirrindulari Elkarteak.
Bi lasterketa izango dira. Lehenbizi, kadete mailako neskak irtengo dira errepidera, 09:00etan. 28,5 kilometro luzeko ibilbidea izango dute: Seguratik abiatu, eta Zegamara joan-etorria osatuko dute. Jarraian, Idiazabaldik barrena, Ihurre-Ormaiztegi-Lierni-Mutiloa-Segura bira izango dute, Lierniko mendatearekin. Helmugaratzeko ordua 09:42an aurreikusi dute.
Proba nagusia 10:30ean hasiko da, eta junior mailako, 23 urtez azpiko eta eliteko emakumeek parte hartuko dute. Haiek ere Zegamara joan-etorrian berotuko dituzte hankak, eta ondoren Lierniko bira lau aldiz osatu beharko dute, Ormaiztegitik gora. Mendateko pasaerak 11:04an, 11:31n, 11:59an eta 12:26an kalkulatu dituzte. Helmugaratzea 12:33an da, 40 km/h-ko abiadan.
Helmuga herri sarreran
Koronabirusaren egoera dela eta, neurri zorrotzak ezarri ditu antolakuntzak osasun-segurtasunari dagokionez. Helmuga ez dute plazan kokatuko, Madalenatik gora, beheko arrabalaren parean baizik, Mutiloa aldeko errotondatik herri sarrerara doan aldaparen erdi aldean.
«Taldeen kotxeak, frontoiko aparkalekura joango dira. Txirrindulariak inskripzioak eginda etorriko dira, eta aldaketarik baldin bada udaletxean izango dute aukera. Ziklista guztiak udaletxean bilduko ditugu, beste jendearekiko aparte. Sari banaketa ere udaletxean egingo dugu. Saria daukatenak eta zuzendaria edo taldeko arduradunen bat bakarrik sartuko dira, ikuslerik eta jenderik ez», azaldu du Segurako Txirrindulari Elkarteko Juan Mari Gereñuk.
Ikusleentzat ere oharrak zabaldu dituzte. Distantzia mantentzeko erregutu dute, eta jende pilaketarik ez sortzeko. «Segurtasun arauak egongo dira, eta betetzeko eskatu nahi dugu: pilaketarik ez dadila izan, batik bat helmugan eta mendatean. Hesiuta eta zintekin markatuta jarriko ditugu eremu horiek».
Partaidetza oparoa espero dute igandean Seguran. Lasterketa gutxi geratu dira egutegian, eta kirolariek daudenei helduko diete. Atzo arratsaldean, denera 63 txirrindularik zeukaten egina inskripzioa. Duela hiru egun, karrera batean 88 irten ziren. «Kopuru ona da», dio Gereñuk.
Alex Aranburu Burgosen 4.
Gizonezko profesionalek ere berrekin diote egutegi murriztuari. Burgosko Itzulia da lehenbiziko proba, UCI ProSeries kategoriakoa. Alex Aranburu ezkiotarra sasoi puntu onean itzuli dela erakutsi zuen herenegun, lehen etapan (Burgos-Burgos, 157 km). Laugarren helmugaratu zen Burgos hiriko gazteluan, ongi moldatzen den bukaera pikoan.
Grosschartner austriarrak (Bora) irabazi zuen, eta 8 segundora Joao Almeidaren eta Alejandro Valverderen atzetik sartu zen Astana taldeko Aranburu.
Santikutz klasikoa irailean ere ez da jokatuko
Telleriarteko Txirrindulari Elkarteak bertan behera utzi du Legazpiko Santikutz Klasikoa, aurtengoz. Maiatzaren 1ean atzeratu egin zuten, koronabirusaren konfinamenduagatik. Irailaren 27a jarri zuten egun berritzat. Elite eta 23 urtez azpiko afizionatuentzat da, Espainiako Kopako proba.
«Gauden egoeran eta antolakuntza bezala pandemiagatik bete beharreko baldintzekin, bertan behera uztea da zentzuzkoena. Lehenengo osasuna eta denak onik egotea da», azaldu zuen elkarteak herenegun. Ekitaldi honetan ibilbidean aldaketak egiteko asmoa zutela esan dute, «ikusgarriago» bihurtzeko.