Ezohiko egoeran ere, Goierriko igerilekuak erabili dituzte herritarrek
Bizpahiru aldiz soilik bete da edukiera igerileku gehienetan, eta hori gertatu denetan bainua hartzeko txandak ezarri dituzte. Idiazabalen aurten 656 bonu saldu dituzte
Aurtengo udako igerilekuen denboraldia ezohikoa izaten ari da, beste hainbat zerbitzuren antzera. Eguraldiak laguntzen duenetan udal igerilekuetan jende andana biltzen da, betiere neurriak eta distantzia errespetatuta. Goierriko lehenengo igerilekuak ekainean ireki zituzten, eta bizpahiru egunetan izan ezik ez dute arazorik izan edukiera aldetik. Erabiltzaileek txanda eskatu behar dute aldez aurretik.
Ormaiztegiko udal igerilekua ekainaren 26an ireki zuten, eta irailaren 6ra bitartean egongo da zabalik. Zelaiaren eremua partzelatu dute erabiltzaile taldeen artean tarte bat uzteko. 250 lagun egon daitezke aldi berean eguzkia hartzen, eta beste 35 lagun uretan, gehienez. Beraz, guztira 285 laguneko edukiera ezarri dute. Jon Enrique Galarza Ormaiztegiko alkateak azaldu du ez dutela arazorik izan oraingoz: «Aurreikusten genuen arazorik ez izatea eremua nahiko handia delako».
Herritarrek gogoz ekin diote igerileku denboraldiari: «Bai igerilekua kudeatzen dutenak eta bai gu oso gustura gaude, jendeak orokorrean neurriak errespetatzen dituela ikusi dugu». Arazorik ez dute izan, baina egun eguzkitsuetan neurri zehatzak hartu izan dituzte erabiltzaile guztiek bainua hartzeko aukera izan zezaten: «Momentu puntualetan, bero handia egin duenetan, bainua erregulatu behar izan dugu», azaldu du Enriquek. Hau da, 15 minutuko txandak egin izan dituzte kanpoan zain zegoena sartzeko bizpahirutan.
Bestalde, seinaleak jarri dituzte gomendioen eta ibilbideen berri emateko. Sarrerak eta irteerak ere markatu dituzte eta zakarrontziak kendu dituzte. Aldagelak irekita daude, baina dutxak ezin dituzte erabili herritarrek. Baloiak, koltxonetak eta antzerako objektu edo jostailuak erabiltzea ere debekatu dute.
Berritze plana
Ormaiztegiarrek ezagutzen duten igerilekua bere horretan azkeneko aldiz ikusiko dute uda honetan. Izan ere, hurrengo urtean prest egongo den igerilekua berritzeko proiektua jarri du martxan udalak. Urrian hasiko dituzte lanak, eta martxoan bukatuta izatea aurreikusi dute, datorren denboraldirako martxan jartzeko. 290.000 euroko aurrekontua du Ormaiztegiko Udalak proiektu horretarako. Arazo teknikoak konpondu, sakonera kendu eta txikientzako eremua egokituko dute, 40 zentimetroko sakonerarekin eta itxita. Alkateak adierazi du mugikortasun urria dutenentzako baliabideak ere jarriko dituztela sarreran eta igerilekuan bertan.
Ingurukoak ere bai
Olaberriko Ihurre auzoko igerilekua ere aukeratzen dute herritar askok egun eguzkitsuetan bainua hartzeko. Ormaiztegikoa bezala, Olaberrikoa ere ekainaren 26an ireki zuten, eta irailera arte luzatuko da denboraldia.
Herritarrentzako %10eko deskontua ezarri dute bonuak egiterakoan, baina Olaberriko jendea ez ezik, inguruko herrietakoa ere gerturatzen dela azaldu du Olaberriko Udaleko administraria den Jesus Mari Agirrezabalak: «Aurten agian jende gehiago dabil, Lazkaora joaten zirenak datozelako».
Arazorik gabe ari dira lanean COVID-19aren neurriei dagokienez Olaberriako instalakuntzetan ere: «Igerileku handia pare bat egunetan bete da, baina bestela normal egon da martxan».
Seguran bezalaxe. Izarra Urdalleta Segurako alkateak azaldutakoaren arabera, «normaltasunez» doa bainu sasoia. Hainbatek oporrak herrian pasako dituztenez osasun egoera dela eta, zerbitzuak indar handia hartu du: «Herritar askok igerileku zerbitzua mantendu izana eskertu dute». Urdalletak adierazi du aforoarekin arazorik ez dutela izan, baina jendea badabilela.
Idiazabalen, berriz, skate parkeko zelaia gehitu diote igerilekuko eremuari espazio zabalagoa izateko: «Harrera oso ona izan du eremu berri horrek», adierazi du Iñaki Arriaran Idiazabalgo Udaleko zinegotziak. Aforo sistema ere ezarri dute: 280 lagun sar daitezke une berean. Edukiera hori betetzean taldeka utzi behar dute igerilekua erabiltzaileek. Hiru aldiz besterik ez da bete : «Gertatu denetan jendeak ulertu du eta igerilekua utzi du utzi behar zuenean».
Bonuen salmentak ere harrera ona izan du. Iaz 950 inguru saldu zituzten, eta aurten 656 bonu izan dira guztira Idiazabalen. Igerilekura sartzeko sarrera eta irteera bana jarri dute, eta bainua gehienez 20 minutukoa izan daiteke. Aldagelak ere ireki dituzte, gehienez 3 pertsonarekin, eta komunetan garbiketa areagotu dute higienea lehenesteko.
Beraz, Goierrin ere igerileku zerbitzuen eskaintza zabala da. Partzelatan banatuta eta edukiera neurtuta, bainua eta eguzkia hartzeko aukera dute goierritarrek. Erabilera eguraldia lagun denean areagotzen da, eta gehienak herrian bertan geratzen diren arren, badago beste herrietara inguratzen denik ere. Txanda hartzea edo izena ematea beharrezkoa da kasu guztietan, edukiera kontrolatze aldera.