Uztailak uzta berezia aurten
Aberats atzo ere produktu berriei dagokionez Ordiziako azoka. Baina salerosketetan, lehengo martxa dute amets ekoizleek. Irailean itzuliko gara asteroko kontakizunarekin.
Oraindik ere ez da martxo aurre hartako azokako martxa. «Irrifar egitea ere alferrik», aipatzen zuen Edurne Baliarraingoak argazkia ateratzerakoan. Arazoa sakona da, handia. Halere azokak aurrera darrai eta ze pentsa ematen duten kontuak entzuten dira geroz eta sarriago. «Ez dakigu zer datorkigun eta beti esan izan diet nik ilobei patata ereiten behintzat ikasteko, orain inoiz baino indar handiagoarekin», dio Arantxa Zurutuza aramarrak. Edota, «baserritik alde egin zutenak bueltatu beharrean ote diren, nola ari diren berriz lanean ikusita, hori lana dutenak!»… Ez da gaurkoa «aurreak erakusten du atzea nola dantzatu» dioen atsotitza.
Kontuak kontu, produktuetan erreparatuz zer kontatua bada. Leka edo baina aukera zabala atzo. Lehen leka gorria eta igitaia «itaie» motakoak ekarri zituzten, lehendik zeuden borobila eta zabalaz gain 3-5 euroan kiloa salgai. Urteko tipula gorria ere hasi dira ekartzen 1-1,5 euroan sorta. Aire libreko lehen tomateak ere ikusi ditugu baina ez du irudi oso tomate urte ona izango denik, landare asko gaitzak jo eta galdu ziren eta daudenei oparotasun handirik ez zaiela ageri zioten.
Gure inguru hau ez da baratxuriari buru handia egiten zaioneko lurra eta ageri izaten da, gutxi batzuk izaten dira baina freskoan gehiago saldu ohi da. Atzo lehen buruak Aldaba zaharrekoak 7 euroan kiloa ikusi genituen. Frutei dagokionez muxikak ekarri zituen M. Jesus Oriak 3 euroan kiloa. Sagar mota berriak ere ba dira, Santiago sagarra, «etxeko gorria» eta Dukesa edo goiz-madaria Gabiriako Oñatibi txikikoa.
Kamamila berria
Berak bildu, gero lehortu eta salgai du aurtengo kamamila Axun Etxeberriak 2,5 euroan 20gr.ko poltsatxoa.
Abuztuan postuetan hutsuneren bat nabarituko da: Maite Iturbe okinak oporrak hartuko ditu, Lazkaoko Atienzakoek ere asmo horretan asteren bat edo beste, fruta saltzaile batzuk ere bai. Dena dela, agorrila ez dadila agor gertatu.
Irailaren 9an ospatzekoa zen feria handia izango ez bada ere, aurten ere gaztak izango du bere eguna.
Guk berriz, asterokoa bere txikian handi kontatzeko irailean hemen izatea dugu asmo, gogo eta helburu.