Bertakoa, bertatik bertara
Goierriko turismo bulegoek eskaintza zabala prestatu dute abuzturako. Segurtasun eta garbitasun neurriak beteko dituzte ekintza guztietan. Aurrez eman beharko da izena
Opor guztiak izaten dira bereziak, baina ez dago ukatzerik, aurtengoak, berezietan berezienak izango direla. COVID-19a lagun, askok oporrak etxe ondoan pasako dituzte. Bertakoa, bertatik bertara ezagutzeko aukera ona izan daiteke aurtengo abuztua. Goierriko turimo bulegoek ekintza eta bisita ugari antolatu dituzte abuzturako.
Mirandaola martxan jarriko dute etzi
Gipuzkoako ondare garrantzitsuenetariko bat izateaz gain, Euskal Herri osoan dagoen ikuskizun bakarra ezagutzeko aukera izango da igandean, Legazpin, 11:30ean eta 12:30ean: XVI. mendeko jantziekin olagizonek Mirandaola burdinolako makineria jarriko dute martxan. Urak hauspo erraldoiak mugitzen ditu eta mailuak gori-gori dagoen burdina lantzen du. Aurrez txanda hartu behar da.
Aralarko paisaiak jentilen lurraldean
Ataungo Barandiaran museoak eta Lizarrustiko parketxeak eskaintza zabala prestatu dute. Bihar, abuztuaren 1ean, Osinberde, urak sorturiko paisaia harrigarria bisita egingo dute, Zaldibiako Arkakan, 11:00etan. Bestalde, abuztuaren 16an eta 30ean, Jentilen lurraldean, iparraren bila jokoa egingo dute Barandiaran museoan. Abuztuaren 22an, Lizarrustiko Parketxean dute plana, 11:00etan: Lizarrustiko paisaia ehundu duten zuhaitz magikoa ibilaldia.
Talo tailerrak Igartzako errotan
Beasaingo Igartza Monumentu Multzoa bisitatzeko aukera izango da asteazkenetik igandera bitartean. Ekintza osagarriak ere antolatu dituzte eta horietako bat da talo tailerra. Gaur, eta abuztuaren 14an eta 28an, 17:00etan, taloak egiten ikasteko eta egindako taloak jateko aukera izango da Igartzako errotan. 4 euro kostako da pertsonako.
Sagardo eta gazta dastaketak
XVI. mendeko baserrian eta bizimoduan barneratzeko aukera ematen du Ezkioko Igartubeiti baserriak. Museoa bisitatzeko bi aukera daude, bisita librean, QRak eskaneatuz edo bisita gidatua eginez. XVI. mendeko dolare-baserriaren bitartez, sagardoren kulturaz, tradizioaz eta giza balioaz jabetzeko, bisita gidatuek ordutegi finkoetan izaten dira: 11:00etan euskaraz, 12:30ean gazteleraz; eta 17:00etan elebitan.
Udarako eskaintza berezia antolatu dute. Esate baterako, Emakume ekintzaileak sagardogintzan erakusketa; gaur da azkeneko eguna. XVI-XVIII. mendeetako bost sagardo ekoizle emakumeen bizipenak ikus eta ikas daitezke. Umeei begira berriz, familia giroan egiteko Martxintxoren freskagarririk gustukoena ginkana antolatu dute; 6-12 urte bitarteko umeentzat egokitua dago.
Abuztuaren 22rako, plan berezia antolatu dute, 12:30ean: sagardo eta gazta dastaketak. Ormaiztegiko Zumalakarregi museora bisitatuz osatu daiteke bidaia.
Idiazabal gazta eta gehiago
Idiazabalek lotura estua du izen bereko gaztarekin; horren lekuko da Idiazabal Gaztaren Interpretazio zentroa eta larunbat eta igandeetan antolatzen dituzten gaztandegietara bisitak: larunbatetan, 11:30ean, Gaztaiñaditxuloko Ander Barandiaranekin eta igandeetan, ordu berean, J. Aranbururekin.
Hala ere, Idiazabal herria gazta baino askoz ere gehiago delako, Indianoen etxeak eta San Migel eliza ezagutzeko bisita gidatuak antolatu dituzte. Abuztuaren 9an eta 23an, Indianoen etxeen ibilbidea egingo dute 17:30ean, eta abuztuaren 16an eta 30ean, San Migel elizaren sekretuak ezagutuko dituzte, 17:30ean.
Bisita gidatuak asteazkenetan
Ordizian egun handiak izaten dira asteazkenak, azokari esker. Azokaren garrantziaz jabetzeko eta azoka barru-barrutik ezagutzeko Ordiziako azoka: iragana, oraina eta etorkizuna ibilbide gidatu berria egokitu dute asteazkenetan, 10:00etan, D’elikatuzetik hasita. 11:15ean, denbora librea utziko diete bisitariei azoka bisitatzen jarraitzeko eta herriko tabernaren batean pintxoa dastatzeko. Amaitzeko, herriko jatetxe batean bazkaltzeko aukera izango da.
Iparragirreren urtemuga gogoan
Joxe Mari Iparragirre Balerdi euskal olerkaria eta kantaria da Urretxuko pertsonaiarik ezagun eta kuttunenetako bat. Abuztuaren 12an beteko dira 200 urte Urretxun jaio zela. Europan eta Amerikan ibili zen kantuan. Jaiotzaren 200. urteurrenaren harira, euskal kantari unibertsala ezagutzeko aitzakia polita da, Urretxura joan eta ibilaldi gidatua eginez. Beste bi ekintza berezi ere antolatu dituzte: abuztuaren 8an, 20:00etan, Iparragirre 2020 kontzertua, San Martin elizan eta abuztuaren 12an, 12:00etan lore eskaintza Iparragirre plazan eta hilerrian. Ondoren, Gorka Hermosak Urretxutik mundura konposizioaren aurkeztuko du.
Burdinaren galeria barrura
Zerainera egun pasa joateko aukera paregabea izaten da beti, eta asteburuetarako proposamen berezia egiten du Zeraingo turismoak: 11:30ean turismo bulegotik abiatuta, eta bi orduko bisitan, Aizpeako Meatze Multzoa eta Larraondoko zerrategia bisitatzeko aukera dago; 10 lagun baino gehiagoko taldeek edozein egun eta ordutan egin dezakete bisita. Kaskoa eta koloretako euritakoa jantzi eta polborin galerian barneratuta, burdina nola lortzen zen ikusteko eta meatzariak nola bizi ziren ikusiko du bisitariak, eta baita kaltzinazio labeak ere.
Iparra galdu gabe, jolasean
Familientzako plan aproposa eskaintzen du Zegamako Anduetza parketxeak: Iparra galdu gabe orientazio jolasa. Abuztuaren 2an eta 16an, 10:30ean, Anduetza parketxearen inguruan, orientazio zirkuituaren ibilbide horian murgilduko dira bisitariak orientazio mapa eskuan hartuta. Taldeak 10 minutuko aldearekin irtengo dira. 3 euro balio du pertsonako.