Festa zatitxo bat hainbat lekutan
Abuztuan ez da ohiko festarik izango Gabirian, Zerainen, Itsason, Zegaman eta Brinkolan. Hala ere, hainbat herritan urteko egun berezi horiek gogoan izateko ekintzak antolatu dituzte.
Uda sasoian Goierriko hainbat herritako festak izaten dira. Legazpiko Santikutzak, Beasaingo Loinatz jaiak, Lazkaoko San Prudentzioak, Segurako San Joanak eta Ordiziako Santa Ana festak, besteak beste, bertan behera gelditu dira osasun larrialdiagatik eta abuztuan izan ohi direnak ere bertan behera uzteko erabakia hartu dute. Halere, zenbait herritan ekintzak antolatu dituzte herritarrentzat.
Zerainen abuztuaren 13tik 17ra ospatu ohi dituzten jaiak ez dituzte egingo. Uztailaren 10ean deitu zuen udalak festei buruz aritzeko bilera kultur etxean. Herri afaria egiteko baldintzak aztertu dituztela baina segurtasun bermerik ez dagoela azaldu dute ohar baten bidez: «Agerpen bat egongo balitz zailtasun handiak ekarriko lituzke jarraipena egiteko, eta foko bat izateko arriskua legoke».
Dena den, festak gogoan izateko eta herriko ekoizleei laguntzeko ekimena jarri du abian Zeraingo Udalak: herriko ekoizleen produktu sortak banatuko ditu etxe eta baserri guztietako zeraindarren artean.
Ekintza kulturalak
Andra Mari jairik ere ez da egongo Gabirian: «COVID-19ak eragindako osasun krisia dela eta, urteroko festetan segurtasun neurriak betetzea ezinezkoa izango litzatekeelako eta lehentasuna herritarron osasuna denez, Andra Mari jaiak bertan behera uztea erabaki dugu», azaldu du udalak. Jai girorik izango da, baina, gabiriarrentzat. Izan ere, ekitaldi kultural ugari antolatu dituzte abuztuaren 14tik 17ra bitartean herriko jendearentzat. Plazan izango dira emanaldi guztiak eguraldia lagun denean, eta euria ari badu frontoira mugituko dituzte. Segurtasuna bermatzeko ikusleek eserita egon beharko dute.
Hasteko, bertso saioa egongo da abuztuaren 14an, 19:00etan. Ane Zuazubiskar, Maialen Lujanbio, Andoni Egaña, Iker Zubeldia, Unai Iturriaga eta Gorka Maiz ariko dira bertsotan, eta gai-jartzailea Aratz Igartzabal izango da. Hurrengo egunean, abuztuaren 15ean, helduentzako Gu primer! antzezlana eskainiko dute. Ramon Agirre, Nerea Gorriti eta Inazio Tolosa aktoreek antzeztu eta Asier Sotak zuzenduko du lana, 22:30ean hasita. Abuztuaren 16an haurrentzako emanaldia izango dute gabiriarrek 18:00etan: Urpekariak, Aissa Intxaustik eta Eneko Arratek antzeztuta. Ane Labaka eta Miren Amuriza dira ikuskizunaren gidoilariak. Festetako azken egunean, abuztuaren 17an, afari- merienda egingo dute herritarrek, gehienez 20 pertsonako taldetan. Gabiriako Udalak ardoa soilik banatuko du, eta janaria, aulkiak eta mahaiak herritar bakoitzak eraman beharko ditu. 23:00etan su artifizialak botako dituzte ezohiko ospakizunei amaiera emateko.
Ekintza kulturalak ez dira horrekin bukatuko halere. Irailaren 18, 20, 25 eta 27rako ere programa zabala antolatu dute.
Karobien aztarnak
Itsason festarik egingo ez duten arren, San Bartolome egunean, abuztuaren 24an, Itsasoko karobien aztarnen erakustaldia egingo dute herrian. Karobi edo kisulabeak karea lortzeko labeak ziren. Horregatik, kareharrizko eremuetan eraikitzen ziren. XVIII. mendean egin zituzten aurrenekoak, eta XX. mendean, labe industrialak agertzearekin batera, erabiltzeari utzi zioten.
Zegaman ere ez
Zegaman, ordea, ez dute jai girorik izango San Bartolome egunean, antolatutako ekintzarik behintzat ez dutelako prestatu. Joseba Izagirre alkateak azaldu du udalaren eta jaiak antolatzen dituzten eragileen artean hartutako erabakia izan dela.
Brikolan txistulariak
Azkenik, San Agustin festak izaten dira Brinkolan, eta horiek ere bertan utzi dituzte aurten. Hala ere, abuztuaren 30ean, Goiz Deia taldeko txistulariek Brinkola auzoko kaleak girotuko dituzte kalejiran, urteroko festa egunei keinu eginez.