«Jokalari bezala hasi nintzen Ordizian, 6 urte nituenean»
Ampo Ordiziaren harrobian hazitakoa da Xabier Rodriguez ordiziarra. Umetan hasi zen errugbian eta duela gutxitik, Ohorezko Mailako taldearen entrenatzaile laguntzailea da.
Ampo Ordiziaren entrenatzaile taldean laguntzaile gisa hasi zara duela gutxi.
Ingalaterran nengoen bizitzen eta hango eskola batean, errugbi talde batean entrenatzaile laguntzaile lanak egiten nengoen. Pandemia hasi eta Ordiziara bueltatzea pentsatu nuen. Behin hemen, Ordizia Rugbykoekin hitz egin eta esan bezala, entrenatzaile taldean laguntzen ari naiz. Oso gustura nago!
Kluba ondo ezagutzen duzula esan daiteke.
Jokalari bezala hasi nintzen 6 urte nituenean. 19 urterekin, Bilbora joan nintzen. Han bi urte pasa nituen eta bueltatu nintzenean, entrenatzaile bezala hasi nintzen Ordizian, Goierri taldearekin, orain bigarren taldea denarekin. Oso ondo egon nintzen. Igoera fasea ere jokatu genuen. Ondoren, nesken taldea ere entrenatu nuen. 18 urtez azpiko taldea ere entrenatu nuen, Ingalaterrara joan aurretik, Ordizian izan nintzen azken urtean. Esperientzia gogorra, baina oso ona izan zen.
Zeelanda Berrian ere izan zara ala?
Bai, hala da! Entrenatzaile bezala formakuntza jasotzeko joan nintzen. Mundu mailan dagoen errugbi talde onenarekin formatzeko aukera izan dut. Esperientzia oso ona izan zen, oso berezia! Ez zelako ikastera joatea izan bakarrik. Laburra izan bazen ere, etxean bezala sentitu nintzen
Orain, hazten ikusi zaituen taldean berriro, zer moduz aurkitzen zara eta zer moduz Iñigo Marotiasekin?
Pozik nago eta Marotiasekin harremana ona da, ongi konpontzen gara. Entrenatzaile oso ona da, ideiak oso garbi ditu. Egin behar ditugun gauzak, zer egin eta nola egin oso garbi dauka. Eta orain arte lortu duena oso ona izan da taldearentzat. Aurreko denboraldian lortutako emaitzei begiratzea baino ez dago. Denboraldia etetea erabaki zuen federazioak COVID-19agatik, baina bukaerara arte jokatu izan balitz, aukera handiak zituzten taualaren maila gorenean amaitzeko. Orain nahi duguna da, berriro ere horri heltzea.
Jokalariekin zer moduz?
Talde erdiarekin baino gehiagorekin jokatu dut ni ere jokalaria nintzenean. Jokalari askoren entrenatzaile ere izan naiz. Beraz, ia gehienak, aspalditik ezagutzen ditut eta ondo konpontzen gara.
Lanean hasiak zarete ia, nolakoa izaten ari da buelta?
Duela hiru aste hasi ginen eta abuztuaren 17a arte, prestaketa fisikoa lehenetsiko dugu. Hiru txandetan banatuta ari gara lanean, bakoitzean 20 bat jokalari ari dira eta txanda bakoitzean, erdia zelaian ari da lanean, baloiarekin, poliki-poliki, eta beste erdia gimnasioan. Bukatzeko, batera, jolas batzuk, korrika pixka bat, sprint batzuk….
Urte arraro honetan, zer moduz daude jokalariak?
Prestaketa ona egin dute eta nabari da. Lesiorik ere ez da izan. Baina bai, konfinamenduak ere eragin izan du.
Eta mentalki?
Batzuei pixka bat kostatzen ari zaie. Dena den oraindik ez gara lan gogorrarekin hasi, abuztuaren erdian izango da hori.
Liga hasi ahalko dela uste duzu?
Irailaren 20an hasiko dela esan dute. Baina konplexua izango da, gure kirola ez delako guztiz profesionala. Data gerturatu ahala ikusiko dugu nola doazen gauzak.
Ikusiko da zer gertatzen den, baina bestela, zeintzuk dira ezarri dituzuen erronkak?
Tituluren bat irabaztea da helburu nagusia eta ikusita azkeneko denboraldiak nola joan diren posible dela uste dut.