Abuztua heldu dela nabaritu dute Ordiziako azokan
Gaurko azokara jende ugari hurbildu den arren, dagoeneko batzuen batzuk oporretara joan direla sumatu dute baserritarrek
Goizeko lehen orduetan tenperatura freskoa egin duen arren, goiza aurrera joan ahala eguzkia irteten hasi da eta horrekin batera jende gehiago inguratu da Ordiziako azokara. Hala ere, baserritarrek antzeman dute bat edo beste oporretara joan dela honezkero. Zenbait saltzaile ere ez dira egongo abuztuan zehar, Udanako Maite Iturbek esaterako ez du hilabete osoan posturik jarriko eta Atienzak kanpoan igaroko ditu abuztuko lehenengo bi asteak.
Ezohiko egoera honekin beste urte batzuetan baino turista gutxiago gerturatu direla ere antzeman dute, baina hala ere gutxi batzuk joan dira baserritarren produktuak erostera, Bartzelonatik, Iruñatik, Salamancatik edota Bizkaitik adibidez.
Berritasun bat aipatzekotan, leka frantses horia eraman dute gaur azokara, 5€/kg balio zuen. Frutari dagokionez, Star sagarra erosteko aukera ere egon da, kiloa 2,50€ren truke, edota marrubiak 8-9€/kg. Landareetan, txikoriaren 100 unitate 8 eurotara zegoen.
Mikologiari dagokionez, eskaintza zabala egon da gaur. Azkarren gastatu dena bertako gibelurdina izan da, 1,25€/kg balio zuena. Kanpoko onddoetan, 155kg zeuden eta 12-28€ inguruan zegoen salgai. Bertako zizahoriari dagokionez, 19kg inguru zeuden eta 18€ balio zuen; kanpokoak ere 19kg eta 18€.