Gaztaren Ibilbidea, GR-283 bidetik
Idiazabal Gaztaren izena eta izana bertatik bertara ezagutzeko ibilbidea da Gaztaren Ibilbidea, Goierriko bi parke naturaletan, Aralar eta Aratz-Aizkorrin, GR-283 bideari jarraituz osatzen dena. Goierriko hainbat herri zeharkatzen ditu bideak: Ataun, Zaldibia, Ordizia, Beasain, Idiazabal, Zerain, Mutiloa, Gabiria, Segura, Zegama eta Legazpi.
Idiazabal lurraldea izenez ere ezagutzen da Goierri, Idiazabal gaztak ospe handia eman baitio eskualdeari. Gaztaren ekoizpen prozesu osoa eta artzainen bizimodua bertatik bertara ezagutzeko aukera paregabea da GR-283 edo Gaztaren Ibilbidea, Aralar eta Aratz-Aizkorri parke naturalak zeharkatuz eta Goierriko herrietako ondarea ezagutuz.
Ia 100 kilometroko proposamena da, 6 etapetan egiteko moldatua dago. Etapa batzuk errazagoak eta motzagoak dira. Berez ibilbide zirkularra da, baina ibiltariaren gaitasunaren arabera, etapa bat, segidako bi edo ibilbide osoa egin daitezke. Etapa bakoitza egun batean egiteko pentsatua dago. Informazio zehatza www.rutadelquesoidiazabal.com webgunean dago.
Ondorengoak dira Gaztaren Ibilbideko sei etapen ezaugarriak:
- 1. Segura-Mirandaola. Luzera: 12,6 km. Zailtasuna: ertaina. Iraupena: 4 ordu eta 25 minutu.
- 2. Mirandaola-Arantzazu. Luzera: 12 km. Zailtasuna: ertaina. Iraupena: 4:55 ordu.
- 3. Arantzazu-Etzegarate. Luzera: 20,7 km. Zailtasuna: handia. Iraupena: 7:35 ordu.
- 4. Etzegarate-Lizarrusti. Luzera: 14,5 km. Zailtasuna: ertaina. Iraupena: 5:40 ordu.
- 5. Lizarrusti-Ordizia. Luzera: 23 km. Zailtasuna: handia. Iraupena: 7:55 ordu.
- 6. Ordizia-Segura. Luzera: 13 km. Zailtasuna: ertaina. Iraupena: 3:55 ordu.