«Nire kasuan etengabeko ziurgabetasuna da sentitzen dudana»
Seguran kokatzen den Ondarre baserriko arduraduna da Eneko Goiburua. Goierri inguruko turismoa sustatzeko asmoz egiten dute lan landa-turismo honetan. Aurtengo egoera aproposena ez den arren, lanean ari direla dio bertako arduradunak.
Ezohiko egoera honetan beste urte batzuetan baino turista gutxiago espero zenituzten. Zer moduz doa uda oraingoz?
Guk ekaineko azken aste-bukaeran ireki genuen berriro ere landa-turismoa, eta asteburu horretan etxe osoa bete genuen kuadrilla batekin. Uztailean asteburuka egin dugu lan, asteburutan beteta egoten zen baserria, baina astean zehar inor ez. Abuztuan, bestalde, aurreko hilabetean baino hobeto gabiltza, baina hala ere egoera nahiko eskasa da beste urte batzuekin alderatuta. Nire kasuan etengabeko ziurgabetasuna da sentitzen dudana. Adibidez, baserria pasa den aste osorako hartuta zeukan lagun-talde batek etorri baino 10 egun lehenago erabaki zuen azkenean ez zirela etorriko. Urtarrilean egin zuten erreserba, birusaren kontu guzti hau gertatu aurretik, eta esan zidaten hartu beharko zituzten neurri guztiak ikusita, nahiago zutela bertan behera utzi.
Orain guztia kolokan dagoela ikusita, esfortzu bereziren bat egin duzue ezagutzera emateko?
Egia esan leku guztietan azaltzen gara dagoeneko. Ni adibidez Nekatur Nekazalturismo Elkarteko kidea naiz, eta bere webgunean agertzen gara. Bestela landa esparruko beste orrialdeetan ere bagaude: Escapada Rural, Booking, Airbnb, Expedia… Beraz, aurkitu nahi gaituenak ez luke arazorik izan beharko, oso erraza da.
Nongo turistak jaso dituzue aurten?
Espainiarrak guztiak, lauzpabost amerikar kenduta, baina ez ziren Ameriketatik etorri, Alemaniatik baizik. Uztailean euskaldunak izan dira guztiak, hemendik 100-150km ingurura bizi zirenak. Orain Sevillatik, Valentziatik eta Bartzelonatik etorritako batzuk daude baserrian. Urtero inguru horietako jendea jasotzen dugu gutxi gora-behera, Andaluzia, Madril edo Mediterraneo kostatik etortzen direnak.
Zerren bila etorri ohi dira?
Orokorrean freskotasuna bilatzen dute, beraien herrietako bero itogarri hori atzean uzteko asmoz etortzen dira. Atzo adibidez, Sevillatik etorri zirenei gela erakutsi nienean mantak utzi genizkiela ikusi zuten eta aho zabalik geratu ziren, beraiek ez zituztela beharko esanez. Hurrengo goizean esnatu zirenean esan zidaten izugarri eskertu zituztela mantak goizeko bostetan.
Etortzen direnek leku zehatz bat bisitatzeko asmoz etortzen dira ala Euskal Herria orokorrean ezagutu nahi izaten dute?
Normalean Euskal Herri osoko txoko ezberdinak ezagutzeko asmoz etortzen dira. Azken finean Segurak oso kokapen ona du inguruko herrietara mugitu nahi izanez gero: Donostiara 35 minutu, Bilbora ordubete, Iruñara 50 minutu eta Gasteizera berdin. Badaude beste batzuk astebeterako etorri eta Goierritik ateratzen ez direnak. Hauek normalean mendira joaten dira: Aizkorri, Aralar, Urbia, San Adrian eta antzekoak bisitatzen dituzte, baina hauek gutxiengoa izaten dira.
Zer da gehien gustatzen zaiena normalean?
Dena orokorrean, segun eta zertara etortzen diren. Mendian ibiltzeko asmoz etortzen direnek Urbia adibidez oso gustuko dute. Goierri oso leku txikia izan arren ikusteko gauza asko daudela diote turista gehienek, eta nik hori itzultzeko aitzakia perfektua dela erantzuten diet.
Zuek gaztandegia eskaintzen duzue Ondarren. Gustatzen al zaio jendeari?
Bai hori da gure ekintzetatik gehien gustatzen zaiena. Etortzen direnei erakutsi nahi diet hau ez dela ez hotel bat eta ezta txalet moderno bat ere. Hau baserri bat da, eta agian lorategian eguzkia hartzen ari zaren bitartean ardi bat pasako zaizu albotik, baina hori da azkenean nekazalturismo honi xarma ematen diona. Baserrian daudenei debalde erakusten diet gaztandegia, guztiak elkartu eta bisita moduko bat egin ostean bertan egindako gazta probatzeko aukera ere izaten dute. Oso gustura ibiltzen dira.