Zentraleko putzuko arriskuak gutxitzeko lanak hasiko dituzte Zaldibian
Zaldibiako Udalak aste honetan hasiko ditu eremu hau zaharberritu eta egoera txarrean dauden egurrezko azpiegiturak eraisteko lanak
Gero eta gehiago dira aurtengo udan beroari aurre egiteko Aiestaran Erreka auzoan kokatuta dagoen putzua aukeratu duten herritarrak. Azken urteetan okerrera egin du bere garaian arrantza eskola izateko eraikitako azpiegituraren egoerak. Zaldibiako Udalak eremu hau zintaz itxirik mantendu du bertako lanak bideratu ahal izan diren arte.
Zentraleko putzuan burutuko diren lanak, Zaldibiako Baso Habitatak lehengoratzeko proiektuaren baitan egingo dira. Udalak lan hauek azkartzea erabaki du azken asteetan bertan biltzen ari den jende kopurua ikusita, honek sor ditzakeen arrisku egoerak lehenbailehen ekiditeko asmoz.
SEGURTASUN NEURRIAK
Zentraleko putzuko azpiegitura zaharberritzeaz gaindi, beste zenbait neurri hartu ditu Zaldibiako udalak. Herri gunean, Lardizabal herri eskolan dagoen zubia hesitu dute eta bertatik jauzi egiteak dituen arriskuez ohartarazteko kartelak jarri dituzte. Bestalde, Aiestaran erreka auzoan Zubitako presan biltzen den jendearen joan etorriak arautzeko, motordun ibilgailuekin errekaraino joatea debekatu du Udalak.