«Euskara Europak duen altxorrik handienetako bat dela iruditzen zait»
Maizpide euskaltegi-barnetegian dabilen ikaslea da Iosu Solera. Madrildarra da bera, baina Euskal Herria ezagutu zuenean lotura oso estua sentitu zuen, eta lotura hori sendotzeko modu egokiena euskara ikastea zela iruditu zitzaion. Harrezkero 3 urte daramatza euskara ikasten.
Zerk motibatu zintuen euskara ikastera?
Euskal Herrian lehenengo aldiz egon nintzenean izugarri gustatu zitzaidan hizkuntza, eta Euskal Herria bera orokorrean. Madrilera itzuli nintzenean harreman estu hori nola mantendu nezakeen pentsatu nuen, eta bururatu zitzaidan euskara ikastea zela modurik hoberena.
Zenbat ikasle zaudete orain Maizpiden? Nondik etorri ohi da jendea?
Nire gelan 11 gara, baina barnetegi osoan agian 50 ikasle egongo gara gutxi gora-behera. Azken hamabostaldi honetan Gasteizko jende asko dago, agian aurten ez delako Zeledonen jaitsiera ospatuko eta egora aprobetxatzen ari dira. Hala ere, leku askotatik etorri ohi da jendea barnetegira. Bielorrusiako neska bat ezagutu nuen behin; madrildarrak, valentziarrak, katalanak, hegoamerikarrak…
Noiz arte egoteko asmoa duzu?
Orain ABEE (ERTE) batean nago, eta denbora libre hori euskara ikasteko aprobetxatzen dut. Uztail osoan zehar barnetegian egon nintzen, eta nire asmoa hurrengo hilabeteak ere hemen igarotzea da, posible izanez gero. Ni 2018an hasi nintzen euskara ikasten, baina Madrilen hitz-jario hori mantentzea askoz zailagoa da, ez dudalako egunero euskaraz hitz egiteko aukera izaten. Madrilen Euskal Herriko lagunak baditudan arren, azken finean bakoitzak bere bizitza eta bere eginkizunak dauzka eta horrek zaildu egiten du prozesua. Hala ere, noizbehinka geratu ohi gara elkarren artean euskaraz hitz egiteko, festak antolatzeko… Korrika ospatu izan dugu adibidez.
Goierriko inguruak bisitatu dituzu?
Herri ugari ezagutzeko aukera izan dut 3 urte hauetan, bai Goierrin eta baita Euskal Herriko beste zenbait lekutan. Goierriko zonaldetik Ataun asko gustatzen zait, itxura berezia dauka; errepide luze bat eta errepidearen bi aldeetan etxe oso politak. Lazkaomendi ere oso ederra iruditzen zait; Txindokiko ikuspegia eta inguruko kolore berdeak. Goierri oso toki polita iruditzen zait bertan bizitzeko. Asko gustatuko litzaidake eskualdean, edo orokorrean Euskal Herriko herriren batean bizitzea. Momentuz nahiko ongi daramat euskara ikasteko prozesua, eta espero dut egunen batean bertan lan egiteko eta bizitzen geratzeko aukera izatea.
Bukatzeko, zer esango zenioke euskara ikasi nahi baina oraindik pausua eman ez duen norbaiti?
Esango nioke prozesuaz gozatzeko. Egia da edozein hizkuntza ikastea beti oso zaila dela, eta konflikto bat sortzen duela norbere buruan. Nire kasuan ezberdina da, ni nahi dudalako eta izugarri gustatzen zaidalako ari naiz euskara ikasten, baina hemen jende asko dago euskara ikasten ari dena lana aurkitzeko edota oposizioak ateratzeko. Uste dut edozein hizkuntza altxor bat dela, eta euskara bereziki Europak duen altxorrik handienetako bat dela iruditzen zait. Ez dago euskara bezain hizkuntza zaharrik Europa osoan, eta gu denon ardura da hau babestu eta bizirik mantentzea, ez soilik euskal herritar moduan, munduko biztanle moduan baizik.