Euskadi COVID-19aren bigarren olatua bizitzen ari dela dio Nekane Murgak
Azken asteotan COVID-19arekin kutsatutakoen kopuruak "hazkunde handia" izan duela eta normaltasun berri bat ez dela posible esan du Osasun sailburuak

“Zalantzarik gabe, Euskadik bigarren olde epidemiko bati aurre egin behar dio”, azaldu zuen Nekane Murga Osasun Sailburuak atzo egindako agerraldi batean. Azken asteotan COVID-19arekin kutsatutakoen kopuruak hazkunde handia izan duela dio Murgak. Honen harira, jarduera soziala ahalik eta gehien murrizteko eskatu die herritarrei eta adierazi du “birusa nagusitzen ari dela eta ez dagoela arrazoirik ahulagoa eta ez hain hilgarria denik uste izateko”.
Osakidetzak bere aldetik ospitaleratze logela bereziak eta zaintza intentsiboetako unitateak prestatuko dituela esan du etorriko denari aurre egiteko; izan ere, ohartarazi duenez, “aste honetan kutsatuko diren dozenaka pertsona ospitaleratu beharko dituzte eta, zalantzarik gabe, batzuk hil egingo dira”.
“Hainbeste kasurekin, normaltasun berria ez da posible: ohiturak aldatu behar ditugu, eta jendearengandik urrundu”, adierazi du Sailburuak. Jende gehiena aisialdian kutsatzen dela eta honi aurre egiteko bakoitzak harremanak dituen pertsonen kopurua murriztea ezinbestekoa dela ere esan du. Honi gehitu nahi izan dio festak bertan behera uzteak ez duela inolako zentzurik baldin eta festa horiek etxeetan edo beste leku batzuetan ospatzen badira.