«Pena baino gehiago etsipena izan dela esango nuke»
Aurtengo San Lorentzo festak ere bertan behera geratu dira covid-19a dela eta. Gabiriako Korta jatetxeko sukaldaria den Lontxo Ormazabalek falta sumatuko duela dio.

Urtero moduan abuztuaren 10ean ospatu beharko zenituzkete San Lorentzo festak, baina aurten ez da posible izango, zer moduzko sentsazioa? Pena?
Pena baino gehiago etsipena izan dela esango nuke. Hasiera batean, guztia bere horretara itzultzen ari zela zirudienean, ospakizunari eustea pentsatu genuen, baina azkenean dena bertan behera gelditu da. Erabaki logikoa izan dela uste dut.
Nork hartu du bertan behera uzteko erabakia?
Guk geuk. San Lorentzoak guk gestionatu izan ditugu beti. Udaletxeari azaldu ohi diogu zer egingo dugun eta abar, baina ospakizunarekin aurrera jarraitu ala ez gure esku zegoen zerbait da.
Nola ospatu izan dituzue beste urteetan?
Goizean meza egoten zen eta gero gosaria; salda pixka bat eta giro polita. Gero bazkaria egiten genuen, eta azken urteetan mus txapelketarekin ematen genion amaiera egunari. Jende asko etorri ohi da mus txapelketara, arrakasta handia izan ohi du, 40 bikoteetaraino iritsi gara azkenaldian. Gainera abuztuaren 10ean egiten da beti, berdin du asteko zein egun den, astelehena tokatuz gero, astelehenean, ez dugu larunbat edo igandera pasatzen. Azkenean horrek ere badu bere gantxoa.
Nondik dator ospakizun honen ohitura?
Orain dela urte asko San Lorentzo ermita bat zen, eta bertan santu bat zegoen. Ermita hau bota zenean, santua Gabiriako elizara eraman zuten eta herrian egon zen urteetan, baina orain dela 30 bat urte santua berriro ere bueltan ekartzen saiatu ziren. Santua meza emateko ekarri zen, eta gero ermita txiki bat egin zitzaion. Hortik dator ospakizunaren ohitura.
Jende asko etortzen da normalean?
Jende ugari etorri ohi da gosaltzera eta bazkaltzera. Auzoko festa denez, batez ere betiko jendea etortzen da, herri mailakoa. Mus txapelketara, ordea, jende gehiago etortzen da, herrikoak ez direnak ere bai.
Eguna aurrera ateratzeko beste alternatibaren bat egitea pentsatu zenuten?
Guk ez. Gabirian Andra Marietan adibidez badakit zenbait ekitaldi antolatuko dituztela: bertso saioa, antzerkiak… baina guk ez genuen horrelakorik egitea pentsatu.
San Lorentzoko festak ospatzeko esperantzarik ba al zenuten? Ala aspaldi jakin zenuten bertan behera utziko zenutela?
Ez da prestakuntza handirik behar duen festa bat, ez da musika talde bat edo inbertsio handi bat eskatzen duen estiloko zerbait, eta alde horretatik nahiko lasai geunden. Meza apaizaren kontua da azken finean, baina guk museko txapelketa bertan behera uzteko erabakia aspaldi hartu genuen. Konfinamenduaren ostean ateratzen utzi zigutenean oraindik bagenuen esperantza apur bat, baina azkenaldian egon diren berragertze kasuak ikusita logikoena txapelketa ez egitea zela pentsatu genuen. Azkenean jende asko biltzen duen zerbait da, leku ezberdinetako jendea gainera eta horrek ekarri ditzaken ondorioak ikusita ba… Ordiziako susto horrek uste dut guztioi bere lekuan jarri gintuela.